Kilometroak festari buruzko erakusketa irekiko dute astelehenean
Aurtengo Kilometroak festa Urretxu-Zumarraga ikastolak antolatuko du eta dagoeneko makina bat ekitaldi egin dituzte. Hurrengoa festari buruzko erakusketa izango da. Astelehe-nean irekiko dute, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.Erakusketaren izenbu...
Erakusketaren izenburua Kilometroak Bidea da eta astelehenean irekiko dute, 18:00etan. Bertaratzen direnek Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiak izen duen bilakaera historikoa ezagutu ahal izango dute.
Erakusketa hau Gipuzkoako Ikastolen Elkarteak duela bi urte abian jarri zuen Kilometroak Bidea hausnarketa prozesuaren testuinguruan kokatzen da. Kultur etxean Kilometroak jaiaren edizio guztietako lelo, logotipo, helburu eta gertakizun azpimarragarrienak ikusi ahal izango dira. Paneletan argazkiak, esku-orriak, egunkari eta aldizkari zatiak… jarriko dituzte.
Material hori guztia biltzeko, Ikastolen Elkarteak eta Kilometroak Kultur Elkarteak ahalegin berezia egin zuten, Kutxa Fundazioaren laguntzaz, duela bi urte. Ikastolen ondarearen berreskuratze lanak ez du etenik eta erakusketa urtez urte osatzea dute helburu.
41 urteko ibilbidea
Lehenengo edizioa Beasainen antolatu zen 1977. urtean eta geroztik, urtero, urriaren lehenengo igandearekin batera, inoiz kale egin gabe, 41 jai antolatu dira. Urriaren 7rako Urretxu-Zumarraga Ikastolak antolatuko duena 42. edizioa izango da.
Erakusketan, irudien bitartez, atzera begiratu eta festa eta gizartea nola aldatu diren ikusi ahal izango da. Ikastolen aldeko jaia nola eta zertarako antolatzen hasi zen, zein bilakaera izan duen eta etorkizunean zein aldaketa jaso beharko lituzkeen ere azalduko diete bisitariei.
Erakusketa hilaren 15era bitartean egongo da Zumarragan. Aretoa 17:30etik 20:30era irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:30era asteburutan.