Antzerki denboraldia otsailaren 1ean hasiko da
Kulunka taldeak 'Solitudes' antzeztuko du. Abenduaren 5ean Joseba Apaolaza eta Aitziber Garmendia goierritarrek 'Rita' antzezlana eskainiko duteUrretxu eta Zumarragako udalek 2019ko antzerki egitaraua ezagutzera eman dute. Zortzi saio egongo dira: hile...
Kulunka taldeak ‘Solitudes’ antzeztuko du. Abenduaren 5ean Joseba Apaolaza eta Aitziber Garmendia goierritarrek ‘Rita’ antzezlana eskainiko dute
Urretxu eta Zumarragako udalek 2019ko antzerki egitaraua ezagutzera eman dute. Zortzi saio egongo dira: hilero, urtarrila, uztaila, abuztua eta irailean ez ezik. Hasteko, otsailaren 1ean Kulunka taldeak Solitudes lana antzeztuko du. Emanaldi guztiak Zelai Arizti aretoan izango dira, 22:30ean.Solitudes antzezlaneko protagonista alargun gelditu den gizonezko bat da. Konpainia behar du eta prostituta baten lagun egingo da. Martxoaren 1ean Alicia Rodriguez eta Belen Ponce de Leonek Las princesas del Pacifico lana antzeztuko dute. Gizartetik aparte bizi diren bi emakumeri bidaia bat tokatuko zaie.
Apirilaren 5ean Ander Lipusek eta Patricia Urrutiak Hozkailua lana taularatuko dute. Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Barruan, Jimmy lagunaren hilotza daramate. Bere jaioterrian lur emango ziotela zin egin zioten, baina ez dakite nongoa zen.
Maiatzaren 3an Juan Pañosek Ramper pailazoaren bizitza ezagutzera emango du. Pailazo hau oso ospetsua izan zen 1920ko eta 1930eko hamarkadetan, baina 1936ko gerraren ostean bere ospeak behera egin zuen.
Ekainaren 7an sei euskal aktore ezagunek Erlauntza lana antzeztuko dute. Sara Cozar ordiziarrak, Aitziber Garmendia zaldibiarrak, Getari Etxegaraik, Itziar Atienzak, Leire Ruizek eta Naiara Arnedok ezkon aurreko agur ero bat ospatuko dute.
Ezkon aurreko agurraren ondoren, ezkontza: urriaren 4an Hika taldeak Txarriboda lana antzeztuko du. Ezkontza ere ez da ondo bukatuko.
Azaroaren 8an Javier Liñera aktoreak Barro Rojo lana antzeztuko du. Homosexuala izateagatik kontzentrazio esparru batean eta kartzelan sartu zuten gizon baten bizitzaren berri emango du.
Bukatzeko, abenduaren 5ean Joseba Apaolazak eta Aitziber Garmendiak Rita lana eskainiko dute. Bata etsiak jota dagoen irakaslea da eta bestea bizipoza berreskuratzen lagunduko dion ikaslea.
Urtero bezala, bonuak erosteko aukera egongo da. Euskarazko saioetarako bonuek 32,5 euro balio dute eta saio guztietara joateko balio dutenek, 65.
Iazko bonua mantendu nahi dutenek hilaren 22an jo behar dute Zelai Arizti kultur etxera: 10:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Lekua aldatu nahi dutenak hilaren 24an gerturatu behar dira kultur etxera, ordu berean. Batzuek eta besteek iazko bonua aurkeztu behar dute. Bukatzeko, bonua lehenengoz eskuratuko dutenak eta euskarazko bonua nahi dutenak hilaren 26an joan behar dira kultur etxera: 10:00etatik 13:30era.
Bi udalen egitarautik kanpo, hilaren 18an Bellas y bestias lanaz gozatzeko aukera egongo da. Saio hau Zumarragako Udalak antolatu du.
Antzerki Garaia
Beasaingo eta Ordiziako Antzerki Garaia, berriz, hilaren 11n hasiko da, The Primitals antzezlanarekin. Saioa Ordizian izango da, 22:15ean. Otsailaren 15ean Apaolaza eta Garmendiaren Rita lanaz gozatzeko aukera egongo da.