Espinal-Uriondo eta Zubizarreta-Garmendia bikoteek lehiatuko dute Ajangizko Txapelketaren finala
Domekan jokatuko dituzte lehen mailako afizionatuen finalak zein umetxo, kimu eta ume mailetakoak, 11:00etan hasita.
Apirilaren 30ean jokatu zuten Ajangizko V. Esku Pilota Txapelketaren lehenengo jardunaldia, eta aurreko domekan (maiatzak 7) izan zen bigarrena.
Bigarren jardunaldiko lehen mailako afizionatuen partidan Espinal eta Uriondo eta Juaristi eta Legarreta bikoteen lehiaz gozatu zuten frontoira bertaratu ziren pilota zaleek. 22-18 nagusitu ziren Espinal eta Uriondo.
Antolatzaileen berbetan, lau pilotarien artean Espina nabarmendu zen: “Nahiz eta partidari hasiera txarra eman, behin jokoan sartuta, izugarrizko erakustaldia eman zuen, pilotarako dituen berezko dohainak argi erakutsiz. Pilotari honek zeresana izango du, eta irrikitan gaude Zubizarretaren kontra zelan moldatzen den ikusteko”.
Domekako beste partidei dagokienez, umetxoen kategorian Bengoetxeak eta Urzelaik 5-18 irabazi zieten Daneli eta Unairi. Alebinetan, berriz, Ekainek eta Mikelek 18-6 hartu zituzten mendean Eñaut eta Aimar. Ume mailako lehian Etxezarraga eta Jaio 18-16 nagusitu zitzaizkien Mugika eta Perezi.
Arkupe eta Lea Ibarra Motrollo esku pelota eskoletako kideen finalei dagokienez, Goikoetxea-Urzelai II eta Bengoetxea-Urzelai I bikoteek jokatuko dute umetxoen mailako finala (domekako lehenengo partida izango da). Jarraian lehituko duten kimuen finalean Rocha eta Urtzi eta Ekain eta Aimar bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Eta Enbeita-Bernaola eta Etxezarraga-Jaio bikoteek lehiatuko dute umeen finala.