Irailaren lehenengo bi asteburuetan Kontxako lehian (eguenean dute sailkatze estropada) buru-belarri aritu aurretik, denboraldiko
seigarren bandera irabazi zuen
atzo Bermeoko taldeak.
178 puntu ditu
Urdaibaik, eta hiru puntu gutxiago ditu Hondarribia Eusko Label liga irabazteko aurkari zuzenak. Orio da sailkapeneko hirugarrena 160 puntugaz, eta Kaiku laugarrenak 134 puntu dauzka. Irailaren 16an etxeko estropada lehiatuko dute, eta biharamunean Portugaleten amaituko dute denboraldia.
Talde bermeotarrak
19:03.96 denboragaz amaitu zuen atzo XXVII Bandeira Concello Boiro. Bederatzi segundo eta 40 ehunenera sartu zen Hondarribia, eta hamabi segundo eta 68 ehunenera amaitu zuen Kaikuk.
Urdaibaiko arraunlariak atzo garaipena ospatzen.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Asteburuko bi estropadak Galiziako uretan lehiatu dituzte. Zapatuan Hondarribia izan zen azkarrena XXXV Bandeira Concello de Moañan. 19:46.34 denbora markatu zuen Ama Guadalupekoak. Lehia bizia egon zen Ohorezko Txandako lehenengo hiruren artean; Orio bigarrena Hondarribiarengandik 22 ehunenera sartu zen, eta Urdaibaik irabazleak baino lau segundo eta bi ehunen gehiago behar izan zituen estropada amaitzeko.