Ardoa eta Arrainaren ibilbidea eginda, zazpi etapatan, Oion eta Bermeo batu gura ditu Bermeoko Sollube 707 mendizale taldeak. Lehenengo etapa domekan egin zuten, eta Oion eta Guardia batu zituzten.
Argazkia: Bermeoko Arrain Azoka/facebook
Bermeotik 47 lagun joan zirela azaldu dute mendizale taldekoek, eta Oion eta Guardiako mendizaleek ere parte hartu zuten. Upeltegi bat bisitatzeko tartea ere hartu zuten. «Oso pozik» bueltatu ziren, eta eguraldia lagun izan zuten ibilbidea egiteko.
Hurrengo etapa martxoaren 4an egingo dute, eta Bermeotik aterako den autobusa ia beteta dagoela diote. Bigarren etapa horretan, Guardia eta Albaina batuko dituzte. Bermeora, Arrain Azokako domekan iritsiko dira.
Ekimena Arroyabe kontserba enpresaren laguntzagaz martxan jarri dute, enpresaren fundatzaileak egiten baitzuen ibilbidea.