Bermeoko taldeak 11 puntuko aldea ateratzen dio Hondarribiari.
104 puntu ditu Urdaibaik, eta 93 puntu Hondarribiak. 89 puntu ditu Zierbena hirugarrenak, eta 82 puntu Oriok
Emozioz beteriko asteburua izan da beste behin, arraunzaleentzat. Esaterako, atzo
Orion bideo-finish-a beharrezkoa izan zen irabazlea erabakitzeko. 19 minutu, 46 segundo eta 56 ehuneneko denbora, eta 18 ehuneneko aldeagaz, Oriorentzat izan zen Orioko 28. Estropadak-VI. Kanpina Bandera, eta Zierbena sailkatu zen bigarren. Urdaibai hirugarren sartu zen, Oriorengandik 4 segundo eta 78 ehunenera.
Oriorentzat denboraldiko lehen bandera izan da. Orain arteko zortzi banderetatik, bana lortu dute Oriok eta Hondarribiak eta gainontzeko guztiak Urdaibairentzat izan dira. Hain zuzen, talde bermeotarrak zapatuan lortu zuen bere seigarrena.
Pasaiako uretan lehiatutako II. Adegi Bandera ere
emozio bizikoa izan zen. Lehia estua eduki zuten ligako bi faboritoek; tarte txikia izan zen bien artean. Baina, bosgarren luzean errenta handitu zuen Urdaibaik, traineru bateko errenta lortu zuen, eta azken luzean ondo eutsi zion, 4 segundoko aldea mantentuz. Urdaibaik Pasaian irabazten duen lehen bandera izan zen zapatukoa. Aurretik, lau urtez jarraian hondarribitarrek lortu zuten garaipena.
Lur Uribarren bandera astintzen Pasaian.
Argazkia: Eusko Label Liga.
Parekotasun handia eta maniobra ikaragarriak ikusi ziren. Estropada zoragarria burutu zuen ohorezko txandako traineruek, eta 6 segundoren barruan sartu ziren laurak. 19 minutu eta 29 segundo markatu zituen amaieran Bermeoko taldeak. 3 segundo eta 38 ehunenera geratu zen Hondarribia. 4 segundo eta 4 ehunenera Zierbena, eta 5 segundo eta 64 ehunenera Orio.
San Juanentzat beste bi. Bestalde, asteburu honetan ere ez da ezustekorik egon Euskotren Ligan. San Juanek irabazi ditu estropada biak (zazpi bandera lehiatu dituzte eta zazpirak irabazi ditu), eta 32 puntu ditu. 24 puntu ditu Orio sailkapeneko bigarrenak; 13 puntugaz GU Arraun dago hirugarren, eta 11 puntu Hondarribia laugarrenak. Sailkapen nagusiko hurrenkera berean amaitu dituzte asteburuko bi estropadak.
Oriotarrak etxean garaipena lortzeko gogotsu borrokatu zuten atzo, baina, 3 segundo eta 10 ehuneneko aldeagaz bigarren sailkatu ziren. Segundu bakarreko aldea egon zen ziabogan lehenengo bien artean. 10 minutu, 46 segundo eta 80 ehunenetan burutu zuen estropada San Juanek.
Bezperan etxean nagusitasunez aritu ziren batelerak, eta
Txiki traineruko arraunlariei 6 segundo eta 70 ehuneneko aldea atera zieten. 10 minutu, 43 segundo eta 44 ehuneneko markagaz irabazi zuen San Juanek Gipuzkoako Foru Aldundiko II. Bandera.
Asteburu honetan, Bizkaiko uretan. TKE ligako taldeak Getxon eta Santurtzin lehiatuko dira asteburuan. Gizonezkoek Getxoko Estropaden 40. Ikurriña-JA Agirre Lehendakariaren XIV. Omenaldia izango dute jokoan, zapatu arratsaldean. Biharamunean, berriz, Santurtziko 39. Ikurrina lehiatuko dute.
Neskentzat Getxoko X. Ikurriña izango da zapatukoa, eta VII. Euskotren Bandera irabazteko borrokatuko dira domeka eguerdian.