Herritarrentzako jai egunik garrantzisuena izaten da Erreka Eguna, eta aurten astelehenez ospatu dute. Eatar guztiak batzen dituen eguna izaten da, diotenez, “gainontzeko jai egunak baino herrikoiagoa izaten baita”. Gaurko egunagaz, datorren urtera arte agurtuko dituzte San Joan jaiak eatarrek.
Argazkia: Ane Larrinaga
Ate gainean dantza eginez eman diote hasiera gaur egunari. 12:00etan eduki dute horretarako hitzordua, eta horren ostean, dantzan jarraitzeko aukera eduki dute, Ardoa Barrura fanfarreagaz.
Erreka Eguna, baina, ez litzateke gauza bera izango errekara sartu barik. Horregatik, 17:30ean daukate herritarrek horretarako hitzordua. Horren aurretik, hala ere, gozo eltzeak izango dituzte aukeran, plazoletan.
Errekan bustitakoak lehortu eta gaueko batukada saioagaz gozatzeko aukera izango dute eatarrek. K TUM K taldeak girotuko ditu, hain zuzen ere, herriko kaleak, eta horren ostean iritsiko da DJ Jotatxo, herria musika gehiagoz alaitzera.
Argazkia: Ane Larrinaga.
Lau eguneko egitaraua
Gaurko eguna garrantzitsua izan bada ere, ez da herrira jai giroa ekarri duen bakarra izan; barikuan hasitako festek ez baitute etenik izan egunotan kostaldeko herri txiki horretan. San Joan bezperan bota zuten txupina Kaiarrixa irlaren tontorrean, eta ordutik, lau eguneko egitarauaz gozatzen aritu dira eatarrak. Egun horietan, dantzak, su artifizialak, San Joan sua, bideoklip lehiaketaren emanaldia, meza, herri bazkaria, umeentzako ur jolasak eta musika izan dituzte aukeran, besteak beste.