Uztailaren 14tik 16ra, egingo dute kulur topaketa, Busturialdeko Ea herrian. Aurrekoetan bezala, aurten ere,
“formatu txikian eta intimotasunean” iritsiko dira Poesia Egunak; hala ere, hamaika kultur jarduera izango dira aukeran,
46 sortzaileren eskutik. Herrijeri Emon Arnasa kultura taldeak antolatzen du urtero topaketa horietako egitaraua, eta aurten ere, hala egin du,
Marrazkia azalean, azala hitzetan lelopean.
Argazkia: Eako Poesia Egunak.
Jaildiko oinarria
poesia izango bada ere,
dantzez, musikaz, irudiez eta bestelakoez lagunduta eskainiko dute literatura jarduera hori.
Mikel Martinezek eta Irati Agirreazkuenagak zabalduko dute kulturarako tartea barikuan. Dario Fo eta Franca Rame izango dituzte gogoan, irakurraldi dramatizatuaren eta bakarrizketa antzeztuaren bitartez antzerkigile horien testuak taulagainera eramanda.
Antzerkiaren ostean, irakurketarako tartea hartuko dute, eta Martinezek eszenatoki gainean jarraituko du, bera izango baita Gabriel Arestiren
Oskorri gaitz konposizioaren hitzak irakurriko dituena. Hala, poeta bere garaian bezala, euskal antzerkigilea Gernikako bonbardaketaz ariko da,
Erori da, erori da Gernika libre hura! izenburupean.
Poesia Egunetan, ezin poemarik falta.
Joseba Sarrionandiaren hitzak izango dira, esaterako, barikuan Ean entzungo direnak. Ez, ordeaz, euskaraz; galegoz baizik. Eta horretarako, Isaac Xubin idazle eta iltzultzaile galiziarra izango da kostako herri txikian,
Tempo de exilio bildumako poemak eskainiz.
Errime taldea izango da
barikuko egitaraua borobilduko duena. Eszenatoki gainean, beraien musika eskainiko diote Eskolapera bertaratzen denari.
Zapatua, bestalde, giro lasaiagoan hasiko dute.
Xabier Gantzarainek hartuko du hitza,
Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi izeneko
hitzaldia emateko. Dinamo Sorgintza Guneko kidearena ez da Eako Poesia Egunen baitan egongo den hitzaldi bakarra izango, domeka goizean Ismael Manterola arte irakasleak
Artea literaturaren kontra berbaldia eskainiko baitu.
Errezitaldiak ere, bi izango dira asteburuan: bata Xubinena, eta bestea Uxue Alberdi idazle eta bertsolariarena: Alfonsina eta itsasoa. Iñaki Zabaletaren musikak lagunduko du errezitaldia, eta baita Txakur Gorria kolektiboen irudiek.
Zapatu eta domeka eguerdian, aldiz,
herri bazkarian elkartzeko aukera ere emango dute Poesia Egunek; Bedaronan batuko dira lehenengo egunean, eta Natxituko bolatokian, berriz, bigarrenean.
Gainontzeko jaialdietan ere musika girotzeko baliogarria izaten da, eta Eara ere bere ukitua ekarriko du. Barikuko Errime taldearen emanaldiaren ostean egingo dituzte zapatukoak. Batetik, Inun taldea eta Amaiur B.Blasco igoko dira eszenatokira, eta, ondoren ariko da kantari Anticontinente taldea. Inunek
Da nola izeneko bigarren diskoa plazartuko du, zeinek hainbat euskal idazleren poema musikatuak biltzen dituen. Amaiur B.Blasco Sarako poeta gazteak, aldiz, bere lehen poesia liburuko (
Egunsentia) poemak abestuko ditu. Anticontinente taldeko mutilek, berriz, “soinu garbi eta akustikoa proposatuko dute taulagainean, non ahotsak eta naturaltasunak berebiziko garrantzia izango duten”.
Antzezlan, irakurraldi, errezitaldi eta kontzertuez gain,
ikuskizunek ere izango dute beraien tokia aurtengo Poesia Egunetan. Asier Zabaleta koreografoaren dantza garaikideak bat egingo du Harkaitz Cano idazlearen testuekin,
Hariak ikuskizunean. Horretarako, Ertza konpainiako kideak igoko dira taula gainera. Azken egunean ikuskizun bi izango dira aukeran. Batetik, Estepan Urkiaga
Lauaxeta eta Federico Garcia Lorca idazleen testuek errezitatuko dituzte Jon Maia bertsolariak eta Ana Salazar aktore eta abeslariak, Gorka Hermosa soinu jotzailiaren, Jesus Prieto Pitti gitarra jolearen eta Josu Maroto ilustratzailearen laguntzagaz.
Antzezlanagaz hasitakoa ikuskizun bategaz bukatuko da. Yolanda Arrieta, Leire Bilbao eta Ana Urkiza idazleek beraien poemak errezitatuko dituzte domeka arratsaldean, eta behar horretan laguntza ere izango dute: hain zuzen, Pello Ramirez musikariarena eta Sahatsa Ramirez dantzariarena. Bitartean, gainera, Ainara Azpiazu ilustratzaileak zuzeneko irudiak egingo ditu. Hala,
haur poesia lantzen duen Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu saioak itxiko ditu aurtengo Poesia Egunak.
EGITARAUA:
UZTAILAK 14, BARIKUA
- Irakurraldi antzeztua: Biba voi! Dario Fo eta Franca Rame akordua
Mikel Martínez eta Irati Agirreazkuenaga
20:00etan, Eskolondon.
- Irakurraldia: Erori da, erori da Gernika libre hura!
Mikel Martínez
20:40ean, Eskolondon.
- Errezitaldia: Izenak, sagutxo bat eta itsasontzia
Isaac Xubín
22:00etan, Eskolapen.
- Kantaldia: Errime
22:30ean, Eskolapen.
UZTAILAK 15, ZAPATUA
- Hitzaldia: Egunak ihesi doaz basazaldiak bezala mendiez gaindi
Uxue Alberdi, Iñaki Zabaleta eta Txakur Gorria
13:00etan, Moilan.
- Herri-bazkaria
15:00etan, Bedaronan.
- Kantaldi-errezitaldia: Da nola / Egunsentitik ilunabarrera
Inun eta Amaiur B. Blasco
17:30ean, Bedaronako plazan.
- Ikuskizuna: Hariak
Ertza konpainia.
20:30ean, Eskolondon.
- Kontzertua: Estomatolito
Anticontinente
23:00etan, Eskolapen.
UZTAILAK 16, DOMEKA
- Hitzaldia: Artea literaturaren kontra
Ismael Manterola
11:00etan, Eskolondon.
- Ikuskizuna: Ele! Lorca-Lauaxeta
Karabansai konpainia
13:00etan, Eskolondon.
- Herri-bazkaria
15:00etan, Natxituko bolatokian.
- Errezitaldia: Aho bete amets: haurrak, poesia eta gu.
Yolanda Arrieta, Leire Bilbao, Pello Ramírez, Sahatsa Ramírez eta Ainara Azpiazu.
17:30ean, Natxituko bolatokian.