Talako Amaren Eguna dantzan ospatuko dute gaur eatarrek
Urtero legez, Talako Amaren ermitan meza entzuteko batu dira eguerdian, eta, horren ostean, Beletxen sabela betetzeko aukera izan dute herritarrek, hamaiketakoagaz.
Talako Amaren Egunari jarraipena iluntze partean emango diote eatarrek. Herriko pilotalekuan batuko dira, dantzan hasteko prest. Izan ere, Aiko erromeriaren eskutik, euskal dantza tradizionalekin hankak mugitzeko aukera edukiko dute. Esperientzia berria da Aiko erromeriak eatarrei dakarkiena.
Dantzatzeko bereziki eginiko zuzeneko musikagaz, dantzan gozatzeko aukera izango dute. Azalpenak emango dituzte, eta koreografia errazak dantzatzen irakatsiko dute, dantza barnetik ezagutzeko eta beste modu batez ulertzeko. Hain zuzen, XXI. mende hasierako euskaldunei dantza tradizionalaren atea zabaltzen nahi diela azaldu du Aiko erromeriak.
Horretarako, animazio eta giro egokia sortuko dute pilotalekuan, musikagaz eta dantzan gozatzeaz gain, baliogarri izan daitezkeen gutxiengo oinarri eta gako batzuk eman nahi dituzte Aiko erromeriakoek. Hala, gaur ikasle izango direnak aurrerantzean edozein erromeri edo tradiziozko dantzalditan guztiak dantzatzeko gai izan daitezen.