Mikromatxismoei buruzko tailerra emango dute Ean, barikuan
Mikromatxismoak eta indarkeria sinbolikoa tailerra Eskolondon emango dute, 18:30etik aurrera. Parte hartzeko asmoa duten herritarrek eguena [abenduak 14] dute izena emateko azken eguna. Horretarako 649 35 48 34 telefono zenbakira deitu edo kultura.ea@bizkaia.org helbide elektronikora mezua bidali behar dute.
Berdinbidean berdintasun politiken inguruko dinamizazio eta aholkularitza zerbitzuko teknikari batek gidatuko du saioa. Berdinbidean emakume eta gizonen berdintasun arloan udalerri txikiei aholkua emateko zerbitzua da, eta honen bitartez, laguntza teknikoa ematen zaie 10.000 biztanle baino gutxiago duten udalerriei, emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko programak eta ekintzak garatzeko, eta emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko.
Hala, honako hauek dira zerbitzu honen helburu nagusiak: emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko politikak abiarazi edo sendotzeko babesa ematea, hurbilketa, esperientzien trukea eta jarduera bateratuak egiteko aukera ahalbidetzea (udalerri edo eskualde mailan), eta udal edo eskualde mailako ekintzak foru aldundietatik garatutako berdintasun politikekin koordinatzea.
Estrategiak definitzeko aholkularitza eta orientazioa, adostutako neurriak ezartzeko orduan laguntza eta topaketa eta eztabaidarako espazioetan parte hartzea eskaintzen ditu zerbitzuak.