Bi herenak iaz bete zituen Kepa Arronategi Azurmendi gernikarrak. Natxituan ditu sustraiak, eta hark jasaten duen dispertsioa salatzeko elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Eako Donibane Enparantzan.
Hileko azken barikuetan egin ohi duten elkarretaratzea, Arronategiri maitasun mezuak bidaltzeko baliatu zuten. Udalerriko argazkien postaletan mezu bana idatzi zioten bertan batu zirenek.
Aurretik,
mahai ingurua izan zen Eskolondon. Etxekoekin batera, Jone Artola Etxerat-eko kidea egon zen. Euskal preso politikoek bizi duten sakabanaketaz eta bere ondorioez, eta instituzioek duten erantzukizunaz berba egin zuen Artolak. Gaur egungo egoeraren erradiografia egin zuen.
Eskolondoko aretoa txiki geratu zen, eta bertaratutakoek ere hitza hartu zuten tertulian. Arronategik, eta orokorrean, euskal preso politikoek bizi duten “egoera gordina” den arren, atzoko ekitaldiak
“arnasa hartzeko eta aurrera segitzeko” mezua zabaltzeko zirela azpimarratu zuten.
Aurten 21 urte beteko ditu kartzelan Arronategik, eta urte horiek zelanbait laburbiltzen dituzten hainbat datu esanguratsu eman zituzten.
Ia 7.500 gau egin ditu
etxetik kanpo eta egunean 20 bat ordu 6 metro karratutan pasatzen ditu. Etxekoek eta lagunek milioi bat kilometro egin dituzte bera bisitatzeko, eta guzti horrek 140.000 euro inguruko kostu ekonomikoa suposatu diela gogora ekarri zuten.
Artolak adierazi zuen
“salbuespenean oinarritutako” espetxe politika salatzea dela Etxerat-en zeregin nagusietako bat. “Egoera larria eta onartezina da. Preso ditugun senideei beti jartzen diete zigorrik gogorrena; espetxeko erregimen txarrena. Lehen gradua da zorrotzena; Espainian kartzelan dauden preso politikoen artean ia %100 dago lehen graduan. Keparen kasuan moduan, ezin da egon pertsona bat 20 urtean lehen graduan. Hori legeen kontra doa; alegala da”. Halaber, eskubide urraketen adibide moduan jarri zuten preso gaixoen egoera.
Euskal preso politikoen zigorrak “mendeku politikan” oinarritzen direla salatu zuten: “Legeak dio zigortuta egon arren, presoek eskubideak dituztela. Baina gure senideen kasuan preso politikoak direnez ez dute eskubiderik”. Etxerat-eko kideak adibide bat eman zuen; asteon jakin denez, Granadan preso dauden bi emakume bederatzi hilabetez izan dituzte bakartuta, eta asteon kendu diete neurri hori. “Eta legeak dio gehienez hamabost egunez luza daitekeela isolamendua”.
Artolak azaldu zuenez, preso askok
gradua aldatzeko eta Euskal Herrira gerturatzeko eskaerak egin dituzte, eta ezezkoak jasotzen ari dira: “Eskariak banaka hasi dira egiten, eta erantzuna beti da berdina; erantzuna da ezetz. Presoen, iheslarien eta deserritatutakoen afera konpontzeko momentua heldu dela pentsatzen dugu”.
Oro har egoerak ez duela hobera egin nabarmendu zuten. Etxerat-eko kideak esan zuen “kodigo berriagaz zigorrak luzatu” dituztela; lehen 30 urteko kartzela zigorrak ezartzen zituzten, eta orain, berriz, 40 urtekoak. “Esaten dute gauza hobetzen doala, baina ez; txarrera goaz. Eta horren kontzientzia izatea eskatzen dugu”, zehaztu zuen Margarita Azurmendi Kepa Arronategiren amak.
Azurmendik semea atxilotu eta kartzelaratu zutenetik hona bizi izan dutena laburbildu zuen. Lehenengo, urte eta erdiz Madrilgo Carabancheleko espetxean egon zen, bakartatuta. Epaiketaren ostean, Zaragozako Daroca kartzelan eman zuen hilabete bat, eta handik Jaenera lekualdatu zuten.
Jaenen bederatzi urtez egon zen
bakartuta. “Isolamendua txabola txiki-txiki batean egotea da. Janaria ere ate azpitik pasatzen zioten, eta bi metro karratuko patio batera hiru orduz ateratzen zuten”. Jaenen zegoela miatzeak egiten hasi zitzaizkien presoei zein senideei. Eta presoek planto egitea erabaki zuten; miatuz gero, ez zutela bisitarik onartuko adierazi zuten. “Umeak ere miatzen hasi ziren, eta urte oso bat egin zuen seme-alabak ikusi barik”. Jaenen gose greba hasi zuten berak eta beste preso batzuek, eta zigor moduan Almeriara eroan zuten Arronategi. Etxetik 300 kilometro urrunago badago ere, han hobeto dagoela esan zuen amak: “Modulo normal batean dago, eta hiru kide daude elkarregaz”.
Bisitak zelakoak diren zein gutun eta telefono bidezko harremana zelakoa den kontatu zuen atzoko mahai inguruan. Eta bisitetan bidelagun dituztenak aitatuz, Mirentxin furgoneta sareko kideek egiten duten lana eskertu eta goraipatu zuen Azurmendik: “Behar itzela egiten dute. 20:00etan irteten gara Gasteiztik, eta 06:00ak aldera ailegatzen gara Almeriara. Baina dena ez da izaten tristura, barreak ere egiten ditugu bidean eta bisitetan”. Era berean,
herritarren babesa eskertu zuen.
“Guk ez dugu beldurrik eta lotsarik esateko nortzun garen eta nortzun diren gure senideak. Pertsona bat gai bada 20 urtetan edo ia bizitza osoan zulo batean egon, eta oraindik ere bizipozez aurrera egiteko, duintasun hori eskertzekoa da”, esan zuen Artolak.