Eako Udalak, Enaden Begiak Fundazioak, Eako, Natxituko eta Bedaronako erakunde, talde zein herritarrek, Alternatiben Herriak eta Euskal Herriko hainbat talde antinuklear eta ekologistek herri hausnarketa kolektiboa egitera hurreratzeko gonbitea egin zuten, eta asko izan dira horri jaramon eginda asteburuan Eara bertaratu diren lagunak.
Jarduera ugari jarri dituzte herritarren eskura atzo eta gaur.
Lemoiz gelditzera daramatzan bideak hitzaldia eman zuten, esaterako, atzo goizean eta ondoren, kalejira egin eta Ogellan jarri zuten hitzordua Lurgaiakoek, bertako balio paisajistiko zein naturalen inguruan hitz egiteko. Umeentzako jolasak ere izan ziren atzo, eta dantzaldi-erromerian ere parte hartu zuten. Azkenik,
Energia trantsizioak: Piztu aldaketa dokumentala aurkeztu zuten.
Gaur, aldiz, uretan hasi dute eguna; Elantxobeko portuti abiatuta, Ogellaraino iritsi baitira itsasontziz. Eguraldia eta itsaso bareak bidaia atsegina izatea ahalbidetu dute. Geldialditxoak egin dituzte bidean, eta ordu eta erdiren bueltan ailegatu dira Eara. Eguerdian, Eskolondo aurrean bildu dira herritarrak Enaden Begiak Fundazioaren aurkezpenak. Iratxe Arriola Eako alkateak egin du aurkezpena, eta bertan izan dira, bsteak beste, fundazioaren kideak eta Euskal Kostalde EZ Nuklearra Defendatzeko Batzordearen kideak ere.
Arriolak azaldu du, Gabriel Arestiren poemaren goiburua hartu eta izen bera jarri diotela fundazioari: Enaden Begiak. Ogellan egitea aurreikusita zegoen zentral nuklearraren kontra idatzi zuen Arestik aipatu poema.
Fundazioaren helburuez ere aritu da. Batetik, memoria berreskuratu nahi dutela azaldu du. Frankismo garaiko “proiektu basatiak” gogorarazi ditu, esaterako. “Espainiar estatuan 41 zentral nuklear eraikitzea aurreikusten zen; eta horietatik 4 Hego Euskal Herrian; bat zehazki Ogellan. Horren aurka, herritarrez osatutako mugimendu sendo eta indartsu bat gorpuzten joan zen, eta lortu egin zuten proiektu guzti horrek geldiaraztea. Lemoiz egiten hasi ziren, baina bere horretan geratu zen, eta besteak egiten ere ez ziren hasi, ez hemen, ez Deban ez Tuteran”.
Horiek eraiki izan bazituzten, gure ingurua “oso ezberdina” izango litzatekela ziur da; horregatik, fundazioarentzat “oso garrantzitsua” da herriak jakitea iraganeko egitasmoak zeintzuk izan ziren: “Zer egin nahi izan zuten gure inguruneagaz, gure lurraldeagaz, herritarren ahotsa entzun barik”. Mugimenduek zentralik ez eraikitzea lortu bazuten ere, “borroka oso luzea” izan zela nabarmendu du.
Bestalde, aipatu du iraganera begira ez ezik, aurrera begira ere apurka-apurka sare bat ehuntzen joatea nahi dutela, konprometitutako herritar, eragile, udalerri ezberdinen artean alternatibak landuz, beste herri eredu bat lortzeko. “Izan ere, gaur egun ere bizi gara egoera batean non estresak jota gauden, dena deslokalizatuta dagoen, lan gutxi dagoen hemen, multinazional handien menpe gauden… Oraindik orain, Lemoiz asko dauzkagu; beste Lemoiz batzuk ditugu; beste era batera irudikatuta. Baina horri aurre egitea oso garrantzitsua da, gure bizitzaren jabe izateko, gure kontrolpean izateko”.
Dioenez, “ezer egin ezean, beste batzuek erabakitzen dute, eta gero, hartzen diren erabaki horiek gure bizitzan eragin zuzena daukate”. Horregatik, guztiz inportantea da Arriolarentzat, behintzat, kontzientzia hartzea eta nola bizi nahi dugunari buruzko hausnarketa egitea. “Argi dago elementu batzuk behar ditugula bizitzeko: adibidez, natura, eta, horrez gain, jan ere egin behar dugu, eta horretarako, edo guk landatu behar dugu edo dirua behar dugu; harreman sozialak ere behar ditugu… Gauza asko behar ditugu, baina horien guztien artean oreka bat sortzen saiatu behar gara, horrela, bizimodu jasangarriagoak egiteko”. Petroleoaren krisia ate joka daukagula dio Eako alkateak, eta horrek herritarrek bizitzeko dituen ohituretan eragin zuzena izango duela deritzo. Beraz, fundazioak trantsizioa borondatez egin nahi du; “beste eredu baten alde lan eginez, bizitza kalitate ona edukitzeko”.
Fundazioaren aurkezpenagaz batera,
Zentral Nuklearrik Ez horma-irudia bistaratu dute. Jose Luis Zumeta, Karlos Zabala
Arrastalu eta Bixente Ameztoi margolariek sortu zuten, elkarlanean eta jendaurrean, 1980 urteko azaroaren 8an eta 9an, Bilboko Erakustazokan egin zituzten Topaketa Herrikoi Antinuklearretan, Euskal Kostalde EZ Nuklearra Defendatzeko Batzordeak eta Komite Antinuklearrek deituta. Ordutik Aurrera, herri mugimenduen esku utzi zuten borroka ekologista eta antinuklearren adierazgarri artistiko hori. Eta orain, horren errepkila bat jarri dute Eskolondoko horman.
Aurkezpena bukatuta, herri bazkarian bildu dira Ean, Jon Maia eta Oihana Bartra bertsolariekin.
Bestalde, atzo eta gaur, egun osoan,
Karteldegia, Kronologia 1972-1984 erakusketa egon da ikusgai Eskolondon.