Zapatuan [uztailak 7]
trail mendi lasterketa eta BTT proba egingo dituzte Txipiroi Extreme Ieko Taupadak-en.
Korrikalariek
09:30ean dute irteera-ordua, frontoian, eta bost minutu beranduago leku beretik abiatuko dira txirrindulariak.
Urdaibai Koparen laugarren proba honetan 21 kilometroko (975m-ko desnibel positiboagaz) trail-a egingo dute. Bizikleta zaleek, ostera, hiru aukera dituzte; 15km-ko ibilbide laburra (650m-ko desnibel positiboagaz), 30km-ko luzea (1.300m-ko desnibel positiboagaz) eta 43km-ko extreme ibilbidea (1.800m-ko desnibel positiboagaz).
Txipiroi Extreme
BTT martxaren gehienezko parte hartzaile kopurua beteta dago dagoeneko. 180 txirrindularik parte hartuko dute.
Bestalde, momentuz, 73 korrikalarik aurrez izena eman dute.Txipiroi Kosta Trail
Urdaibai Kopako laugarren proba denez,
www.urdaibaikopa.eus orrian izena eman behar da. Mendi lasterketan 100 pertsonatan ezarri dute gehienezko kopurua, eta gaur da Internet bidez izena emateko azken eguna. Aurretiaz izena eman dutenekin kopuru hori betetzen ez bada, zapatuan 08:00etatik aurrera izena eman ahalko da.
Aurrez izena eman dute korrikalari federatuek 12 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek, ostera, 15 euro. Gehienezko parte hartzaile kopurua aldez aurretik betetzen ez bada egunean bertan izena ematen duten federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta gainontzekoek, 18 euro.
Antolatzaileek esan dutenez, trail zein BTT zaleen artean euren lekua egitea lortu dute: “Euren egutegietan makartuta dute. Urteetako lanaren emaitza da; jendeak badaki uztaileko lehenengo asteburuan Ean Txipiroi dagoela”. Gogora ekarri dute
auzolanean egindako ekintza dela, eta herriko jendearengandik ez balitz, Txipiroi antolatzea ez litzatekeela posible izango azpimarratu dute.
Urdaibai Kopa
Zazpi probak osatzen dute Urdaibai Kopa. Dagoeneko Ibarrurin, Ereñon eta Gernika-Lumon lehiatu dituzte mendi lasterketak, eta gaur gaurkoz,
Iker Santamaria eta Leire Sanchez daude sailkapen buru. Biek ala biek orain arteko hiru probetan parte hartu dute; Santamariak 118 puntu ditu, eta Sanchezek 132 puntu.
Mutilen behin-behineko sailkapenean, Borja Santiago dago bigarren postuan, 106 puntugaz, eta Josu Orbañanos hirugarrenean, 105 puntugaz (biek orain arteko hiru mendi lasterketak lehiatu dituzte).
Nesken sailkapenari dagokionez, bi proba lehiatuta, 95 puntu bildu ditu Onditz Iturbe sailkapeneko bigarrenak. Hala, hirugarrenaren eta laugarrenaren artean puntu bakarreko aldea dago; Itxaso Ballaz hirugarrenak 92 puntu ditu, eta Leire Monasterio laugarrenak 91 puntu (biek bi proba egin dituzte).
Eakoaren ostean,
irailaren 9an Gautegiz-Arteagan izango da hurrengo mendi lasterketa, eta irailaren 30ean Foruan izango dute hitzordua. Hala, urriaren 7an Gorozikan argituko da zeintzuk diren aurtengo Urdaibai Koparen irabazleak.