Bermeon, diru laguntzak eskatzeko
epea urriaren 31ra arte egongo da zabalik, eta Ean euskara ikastaroa bukatu ondoren eskatu ahalko dute laguntza ikasleek.
Bermeoko Udalak Euskararen erabilera sustatzera bideratutako
bi laguntza eskainiko ditu. Alde batetik,
euskara ikasi nahi duten ikasleentzat, eta beste alde batetik,
gidabaimena euskaraz prestatu eta azterketa euskaraz egingo dutenentzat bideratutakoak izango direla adierazi dute.
Euskara ikasteko diru laguntzei dagokienez, Juan Karlos Agirre Euskara zinegotziak argitu duenez eskaera orria eta dagokion
dokumentazioa Berhaz bulegoan aurkeztu behar dira urrian, hilaren 31 baino lehenago. “2017-2018 ikasturtean eta 2018ko udan egindako ikastaroek jasoko dute udalaren laguntza”, zehaztu du.
Agirreren berbetan, laguntza horien helburua “euskara ikasten ari diren Bermeoko bizilagunei
erraztasunak ematea” da, horrela “euskara ikasteko matrikula ordaintzea eragozpena izan ez dadin”. Argitu duenez, diru laguntza horien onuradunak homologaturik dauden euskaltegi edota barnetegietan, helduentzako euskalduntze edota alfabetatze ikastaroak egiten dituzten Bermeoko biztanleak izango dira.
Diru laguntzak eskatu nahi dituztenek honako
baldintzak bete behar dituzte: Bermeon erroldatuta egon behar dute, matrikula egiten den egunetik ikastaroa bukatzen denera arte emaniko orduen %80 edo gorako asistentzia eduki eta hasten den ikastaroa bukatzea derrigorrezkoa izango da.
Bermeotarrek Berhaz bulegoan eskatu beharko dituzte diru laguntzak. Argazkia: Bermeoko Udala
Euskara zinegotziak argitu duenez, ikasle bakoitzak,
gehienez, 300 euroko diru laguntza jaso ahal izango du ikastaro bakoitzeko. Horrez gain,
ikastaro bat baino gehiago egiten dutenek, ikastaro guztiengatik gehienez,
500 euro jaso ahal izango dituzte.
Oinarrizko Errenta edo Gizarte Larrialdiko Laguntzarik jasotzen duten eskatzaileei dagokienez, gehienez matrikularen %70eko diru laguntza emango diete, eta diru laguntzaren xede den ikasturte barruan langabezian daudenei, gehienez, matrikularen %60a. Gainontzeko ikasleek, gehienez, matrikularen 50a eskuratu ahal izango dute.
Bermeoko Udalak euskara ikasteko ematen dituen diru-laguntzak HABEk eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituzten diru laguntzekin bateragarriak direla jakinarazi dute.
Gidabaimena euskaraz. Agirrek adierazi duenez, “udalaren helburua herriko bizilagunei bizitzaren arlo guztietan euskara normaltasunez erabiltzen laguntzea da”, baita “euskararen erabilera sustatzeko udalerriko eragileekin batera ekimenak eta programak bideratzea” ere. Horren harira, gidabaimena euskaraz prestatzen dutenei diru laguntzak emateko asmoa adierazi dute.
Interesa dutenek eskariak
Berhaz bulegoan aurkeztu ahalko dituzte, berriz ere
iraila bukatu baino lehenago. Laguntzak eskatzerakoan Nortasun Agiriaren fotokopia, kontu korrontearen zenbakia eta prestakuntza euskaraz jaso eta gainditutako azterketa teorikoa euskaraz egin duten ziurtatzen duten agiria eraman beharko dituzte.
Erakunderen baten diru laguntza jaso izanaren kasuan, horren agiria aurkeztu beharko dute. Baldintzak betetzen dituzten eskatzaileek
150 euroko diru laguntza jasoko dute.
Gidabaimenaren kasuan, laguntzak jasotzeko
baldintzak hauek direla azaldu dute: Bermeon erroldatuta egotea, gidabaimenaren prestakuntza euskaraz egitea, B mailako gidabaimenaren azterketa teorikoa euskaraz eginda eta gaindituta izatea eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen eta Bermeoko Udalarekin zorrik ez izatea.
Agirrek zehaztu duenez, Bermeoko autoeskoletan gidabaimena euskaraz prestatzeko aukera dute interesatuek, teoria liburua eta testak egiteko informatikako programa euskaraz erabili ahal dituztelako, eta ondorioz, azterketa euskaraz ere egin ahal dute.
Beraz, pertsona guztiak, eta bereziki gazteak, gidabaimena euskaraz egitera animatu ditu zinegotziak: “gazteak dira gehienbat gidabaimena prestatzen dutenak eta gaitasun osoa dute prestakuntza hori euskaraz jasotzeko”.
Diru laguntzei buruzko informazio gehiago nahi duenak, Euskara Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu du udalak,
94 617 91 22 zenbakira deituta, baita
euskera@bermeo.eus helbidera edo bere webgunean
www.bermeo-euskaraz.eus idatzita.
‘Ikasi euskara’ kanpaina, Ean. Eako Udalak jakitera eman duenez, aurten “ez dago aitzakiarik” euskaraz ez ikasteko, eta horretarako euskara ikasi nahi dutenei
%100eko laguntzak eskaintzeko asmoa dute.
Diru laguntza horiek lortzeko
baldintzak aipatu dituzte. Ean erroldatuta egoteaz gain, euskaltegi homologatuetan egin beharko dute ikastaroa laguntzez baliatu nahi dutenek. Ikastaroa amaitzen dutenean eskatu ahal izango dute laguntza hori, eta eskaera egiterakoan honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: udaleko eskaera orria, euskaltegiko matrikula ordainagiria eta euskaltegiko aprobetxamendu ziurtagiria.
Argitu dutenez, ikastaroan gutxienez
%70eko asistentzia beharko dute interesatuek, eta horrela ordaindutako matrikularen kopuru guztia itzuliko zaie. Dena den, urteko eskatzaile bakoitzak
gehienez 700 euroko diru laguntza jaso ahalko duela zehaztu dute.