Daniel Lopez eta Kaiku zaldiak irabazi dute Ereñoko Raida
Karrantzako zaldizkoa nagusitu zen zapatuan 80 km-ko nazioarteko proban. Kaiku zaldiak, gainera, best-condition, lasterketa baldintzarik onenetan amaitzen duenaren saria ere jaso zuen. 05:34.20 markagaz lortu zuten garaipena.
Jakin Pagadi zaldia eta Ivan Haro zaldizko gipuzkoarra sailkatu ziren bigarren (05:40.00) eta Laelso Lopez Katalunian bizi den brasildarra izan zen hirugarrena, Jana G zaldiagaz (05:44.10).
Euska Herriko zaldizkoekin batera, Katalunia, Madril eta Galiziatik etorritakoek lehiatu zuten nazioarteko proba.
Bost kategoriak kontuan hartuta, (CEI 80 km, CEN 80 km, CEN O 80 km, CEAP 60 km eta CEAP 40 km) 42 zaldizkok parte hartu dute aurtengo proban.
40 km-ko lasterketan, 13 zaldizkok Bizkaiko Txapelketa lehiatu zuten, eta Izeia Iñiguezentzat eta N Amir Iba El Moha zaldiarentzat izan zen garaipena, 02:46.19 denboragaz (best-condition saria jaso zuen zaldiak). Haren atzetik sailkatu zen Ane Arostegi errigoitiarra, Cuca zaldiagaz (02:56.53), eta Rafael Gorriz izan zen hirugarrena (03:12.54).
Bestalde, CEAP 60 km proban Ariane Maruri nabarniztarra izan zen azkarrena. Adhair zaldiagaz lau ordu eta 24 minutuan burutu zuen 63 km-ko lasterketa. Jose Manuel Canales eta Ambar zaldia, eta Amaya Rueda eta Lorp Txispu zaldia sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Ajangizko Kanpantxu auzoko Ana Jaio eta Lorp Voltereta zaldia izan ziren laugarrenak.
80 kilometroko beste bi lasterketei dagokienez, CEI 80 km-an Francisco Santiago eta Rohf Manhis zaldia nagusitu ziren (06:26.00), eta CEN 0 80 km proban, berriz, Ainara Basaras eta Iñaki zaldia izan ziren onenak (05:08.35).
Aurten ibilbide edo fase berri bat estreinatu dute, zuriz markatuta egon zen 23 km-koa, eta parte hartzaileak ibilbideagaz “gustora” geratu zirela azaldu dute antolatzaileek. Halaber, goizeko zirimiriak batik bat ibilbidearen zati batzuk lokaztu zituela esan dute.