Askotariko dantzak eginez ospatu dute Kabelinatxe Eguna Nabarnizen
Urtero legez, Kabelinatxe Eguna ospatzeko elkartu ziren domekan. Eguna «ondo» joan zela azaldu dute taldekideek; hala ere, herritarren parte hartzea handiagoa izatea gustatuko litzaieke.
Ereñoko eta Nabarnizko umeek osatzen duten taldea da Kabelinatxe, eta taldea osatzen duten urte guztietan ospatzen dute beraien eguna:?urte batean herri batean eta hurrengo urtean bestean. Aurten, esaterako, Nabarnizen eduki dute hitzordua dantzariek.
Ereño eta Nabarnizko dantzarien eguna ospatu arren, ez ziren domekan horiek bakarrik egon, Ajangizko Artxube eta Ibarruriko Basotxoritxu taldekoak ere aritu baitziren dantzan.
Domekan, 12:30erako zeukaten ordua jarrita, eta ordu eta erdi inguruko saioa eskaini zuten. «Askotariko dantzak» dantzatu zituzten: Bizkaiko, Gipuzkoako, Nafarroako… dantzak, tartean. Dantzak bukatuta, hamaiketakoa eduki zuten aukeran dantzari eta horiek ikustera bertaratutakoek.
Urtero ospatzen duten egun hori datorren urtean be egiteko asmoa erakutsi dute Kabelinatxeko kideek; horretarako, baina, taldea osatu beharko litzateke. Azaroan hasten dute ikasturtea horiek, eta urrian bukatu; beraz, azaroan jakingo dute ea zenbat jende biltduko diren datorren ikasturtera begira.
Ereñokoei deia. Kabelinatxe Ereño eta Nabarnizko umeak biltzen dituen taldea bada ere, aurten, adibidez, Ereñoko dantzaririk ez dagoela nabarmendu dute. Hori dela eta, bertakoak taldean parte hartzera gonbidatu eta animatu nahi izan dituzte.