Umeentzako irakurketa tailerrak antolatu ditu Foruko Udalak
Umeei irakurtzeko aukera eskaini eta irakurketarekin gozatzeko lekuak eta uneak emateko asmoz, irakurketa suspertzeko tailerrak antolatu ditu Foruko Udalak.
Ordu beteko saioak izango direla azaldu dute, eta izena ematen duten haurrak dinamizatzailearekin bakarrik egongo direla zehaztu dute.
Adinaren arabera antolatu dituzte saioak, eta martxotik apirilera bitarteko barikuetan izango dira, hain zuzen ere. 4 eta 6 urte bitarteko umeek, martxoaren 10ean eta 17an izango dute parte hartzeko aukera, 17:30ean. 7 eta 9 urte bitartekoen txanda, aldiz, martxoaren 31n eta apirilaren 7an izango da, 17:30ean ere.
J. M. Torrealdai Kultur Etxean izango dira irakurketa suspertzeko ipuin saioak eta parte hartu gura duten horiek aurretiaz eman beharko dute izena. Plazak mugatuak dira, beraz, interesa duenak dagoeneko 94-625 45 74 telefono zenbakira deituta edota liburutegi.forua@bizkaia.org helbide elektronikora mezu bat idatzita eman dezake izena.