21. urtez antolatu du Foruko Muinogorri elkarteak Urdaibaiko Txakolin dastaketa. Busturialdeko hamasei txakolin ekoizle bildu dira bertan, eta, horien artean, Gautegiz Arteagako Hegala izendatu dute onena legez dastatzaileek (Jon Andoni Rementeriak, Bittor San Miguelek, Roberto Gonzalezek eta Javier Calzadak).
Domekan Foruko Muinogorri elkartera bertaratutakoek txakolinak eta elkarteak egindako pintxoak (600 bat) probatzeko aukera eduki zuten. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, “giro berezia” izan zen domekako hitzorduan. Gainera, txakolin-dastatzaileek Busturialdeko ekoizleek egindako txakolinen “maila ona” nabarmendu dute. Hori dela eta, lehenengo hamar txakolinen artean onena aukeratzea zail izan zutela azaldu dute.
Herritarrek txakolin dastaketa horretan parte hartzea gustuko dutela eta, datorren urtean ere jarduera hori antolatzeko asmoa agertu dute.