Gaur gauerdian bukatuko da Forutik Forura mendi martxa eta lasterketan izena emateko aurretiazko epea
300 parte hartzaile baino gehiago espero dituzte domekako IX. Forutik Forura mendi martxa eta lasterketan. Gaur 00:00etan bukatuko da aurretiaz izena emateko epea, baina domekan ere izena eman ahalko da.
Hain zuzen, mendi lasterketa lehiatu gura dutenek 18 euro ordaindu behar dituzte domekan, eta martxetan parte hartzeko, ostera, 13 euro. Gaur gaurkoz, 100 lagunek dute izena emana martxa luzerako, 80 pertsonek martxa laburrerako eta 25 korrikalarik lasterketarako. Hala ere, iazko parte hartzaile kopuru ingurura –366 lagun izan ziren iaz– iritsiko direlakoan daude antolatzaileak; izan ere, diotenez, «jendeak azken egunera arte itxaroten du eguraldia ikusi eta izena emateko».
Foruko mendi lasterketa Urdaibai Kopako seigarren proba puntuagarria da. Joanes Goitisolok eta Leire Monasteriok irabazi zuten iaz proba hori.
Korrikalariek 21,6 kilometroko ibilbidea egingo dute eta martxa luzeak ere ibilbide bera izango du. Laburra, berriz, 8 kilometrokoa da. Korrikalarientzat eta mendi martxa laburreko parte hartzaileentzat 10:30ean jarri dute irteera-ordua, eta 08:30ean, aldiz, martxa luzekoentzat.
Aldaketak ibilbidean. Haitz Biribil elkarteko kideek azaldu dutenez, lasterketa eta martxa luzeko ibilbideetan aldaketak egin dituzte aurten. Aldaketa txiki batzuez gain, norabide aldaketa ere izango du zirkuituak. Martxa laburrak, ostera, aurreko urteetako ibilbide bera dauka.
Aurretiaz izena eman duten parte hartzaileek bisera bana jasoko dute opari legez, eta sobera baleude domekan izena ematen dutenek ere jasoko lukete.
Antolatzaileek azaldu dutenez, hiru anoa postu egongo dira ibilbidean zehar, eta, proba bukatuta, gainera, hamaiketakoa izango dute eskura helmugan.