Diktadura frankistaren aurretik izan zen herriko alkate Ortuzar, eta
bere jaiotzaren 120. urteurrenaren harira egin dio omenaldia Foruko Udalak udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Omendutakoaren
senide eta ingurukoak, herritarrak zein udaleko zinegotziak elkartu dira bertan.
Ortuzarren ibilbidea azaldu du ekitaldiaren hasieran Mikel Magunazelaia Foruko zinegotziak, eta horren ostean,
Ortuzarren omenezko oroitzapen-plaka inauguratu dute.
Lore eskaintza egin diote jarraian Foruko alkate izandakoari, eta bukatzeko,
aurreskua egin diote. Ekitaldia bukatuta,
hamaiketakoa jateko elkartu dira bertaratutakoak.
“Memoria historikoaren berreskurapenaren alde” egin nahi izan du udalak, eta “beraien ideiak defendatzeagatik gerraren basakeria pairatu zutenei” esker ona erakutsi nahi izan die; hala, testuinguru horretan egin dute gaurko omenaldia. Ekitaldi xumea burututa,
Ortuzarren lana eta herriaren alde egindako “sakrifizioa” omendu dituzte.
“Gerrak gogor jo zuen Foruan, baita errepresioa eta gerraosteak ere. Herriak lan asko egin ondoren aurrera egin zuen. Omenaldi honen bitartez, Jose Ortuzarrek eta bere familiak egin zuten sakrifizioa eskertu gura diegu, beste hainbeste forutarrekin batera, euren ideiak defendatzeagatik hil edota guztia galdu zutelako. Aurrera jarraitzeko izan zuten adorea eskertu eta euren oroitzapena bizirik mantentzeko modu bat da hau. Memoria historikaren berreskurapena da gure lana, gazteek eta herriko etorkizuneko belaunaldiek sasoi gogor horietan gertatutakoa ezagutzeko eta kontzientziatzeko”, nabarmendu du Magunazelaiak.
Ortuzar 1898. urteko martxoaren 20an jaio zen Foruko Urkieta baserrian, eta
1940ko ekainaren 21ean zendu zen erbestean. Antonio Ortuzar eta Lorenzo Atxirika izan ziren haren guraso, eta Felicia Zubiagagaz ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten: Antonio, Aurea, Klara eta Jon.
Oñatiko Arantzazuko Santutegi frantziskotarren fraile ikasketak egin zituena Euzko Alderdi Jeltzalearen kidea izan zen Bigarren Errepublika garaian.
Eta 1933ko apirilaren 23an Foruak alkate izendatu zuen. Euskal estatutua defendatzekotan, Gasteizen izan zen, baina
Gerra Zibilaren ondorioz, “erbestera joatea behartuta” egon zen.
Mont de Marsanera joan zen, eta hegaztien abeletxe batean lan egin zuen. Euskal Herrian geratu ziren, ordea, haren familiakoak.