Foruko Udalak argi puntu gehiago jarriko ditu Atxondoa-Gilis inguruan
Joan den astean lizitatu zituzten Atxondoa-Gilis kaleko argiak hobetzeko lanak, eta laster hasiko dira obrekin.
Guztira, LED motako 15 kale-argi berri jarriko ditu Foruko Udalak, “hobekuntza kualitatiboa eta kuantitatiboa ekarriz”. Gaur egun bost argi puntu aurkitzen dira inguruan, eta farola berriekin kontsumo elektrikoa eta energetikoa aurrezteko asmoa dute.
Jane Eyre Urkieta Foruko alkateak adierazi duenez, “argi berriak ezartzearen helburua etengabeko tentsio galerak ekitidu eta kale argiko egoera txarra konpontzea da”. Horrez gain, “segurtasun gehiago izango dugu, gaur egungo instalazioa lurperatu eta aireko kableek sortzen dituzten arazoak ekiditzen ditugun bitartean”.
Bukatzeko, ibilbidean aurkitzen diren egurrezko hagak kenduko dituzte. Lan horien aurrekontua 85.217 eurotakoa da.
Atxondoa-Gilis inguruko kale-argiak atontzeko lanak Herriko Landa Inguruen Argitasuna Barritzeko Planean biltzen dira. Plan horren helburua herrian eraginkortasun energetikoa lortzea da, baita igortzen den CO2-a eta argi-kutsadura murriztea, herritarrentzako zerbitzuak bermatu zein segurtasuna eta bizi-kalitatearen alde egiten den bitartean.