Gernika-Lumon 30 bat lagunen artean sortutako lanak Euskal Herritik Kataluniarainoko bidea egin du asteburuan;
Aterabidetik ikus-entzunezkoaren oihartzuna Tarragona, Bartzelona, Girona eta Lleidara ere ailegatu da, horren parte direnek
“bidaia bizi eta interesgarria” eginda.
Reus-en, Radio Terran elkarrizketa egiten. Argazkia: Sare Gernika-Lumo.
Kilometroek distantzia bat baino gehiago adierazten dute, eta horiek zenbatuta egiten den bideak ere badu abiapuntu eta helmugaren artekoa baino gehiago azaltzerik. Presoen senide eta lagunei galdetuz gero, kontatuko dituzte hamaika istorio; izango dituzte hamaika bizipen. Kilometro horietan guztietan badirelako presoagaz minutu gutxi batzuk egon ahal izateko igaro beharreko ordu ugari. Batetik bestera, eta handik hona; astebururo euskal presoen gertukoek egin behar izaten dituzten bidaiak. Bideak elkartzen ditu guztiak; batzuk norabide bat eta beste batzuk bestelako noranzkoa hartzen duten arren. Arrazoi berberek bultzatuta egiten dituzte bidaiok; nork bere konpainian eta norbere eran. Baina guztien helburu barrote artekoaren maitasuna, bisitariaren berotasunaren grina duen espetxe barrukoaren gertutasuna.
Bideak bere horretan jarraituko du, eta igaroko dira horietatik oporretan edo bestelako bidaia egitera doazenak. Baina
euskal presoen ingurukoen joan-etorriak ekidin gura dituzte, pertsona horiek
atera nahi dituzte bidetik, eta horretarako, aterabideak bultzatzen jarraituko dutela zin egin dute.
Dispertsioak eraginda Euskal Herriak bizi duen errealitatea da hori Sare Gernika-Lumoren ustez, eta, “tamalez”, egun Katalunia ere errealitate bera pairatzen ari dela diote. Hala, egoera hori islatzen duen dispertsiometraia zabaltzeko lanari ekin zion Sarek asteburuko emanaldi-solasaldietan. Eta
katalanek, bueltan,
“begi onez” hartu zituzten gernikarrak, “ikus-entzunezkoaren benetako
mezuari arretaz eta ikusmiraz helduz“.
Gironako emanaldi-solasaldian. Argazkia: Sare Gernika-Lumo.
Bariku arratsaldean Reusera ailegatu eta Radio Terran elkarrizketa eman zuten gernikarrek, eta bertatik Tarragonarantz abiatu ziren lehen emanaldi-solasaldia egitekotan. Zapatuan, hitzordu bikoitza izan zuten: lehena Gironan eta bigarrena Bartzelonako Gracia auzoan. Domekan, aldiz, Lleidatik igaro ziren etxerako bueltan. Bertako El PuntAvui egunkariko kazetariagaz elkarrizketa egin, eta azken emanaldia burutu zuten.
Katalunia aldean egindako zabalkundearen ostean,
Larrabetzun eguenean daukaten hitzordua dute hurrengo helburu. Hasten den guztia bukatu ere egiten dela esan ohi da, eta Aterabidetik-eri ere iritsiko zaio bere bukaera:
martxoaren 2an Gernika-Lumoko Astran. Azken emanaldia izan dadila ekitaldia egingo dute egun horretan, eta orain arte esku artean izan duten proiektu horri bukaera eman, eta hurrengokoari ekiteko aprobetxatuko dute. “Dispertsioa amaitu beharreko pelikula delako… Guztion artean lor dezakegu!”, aldarrikatu du Sarek.