Daniel Barenboim eta Helena Maleno aurtengo Gernika Sariak
Danien Barenboim ospe handiko musikari eta orkestra zuzendari israeldarrak eta Helena Maleno giza eskubideen defendatzaile den kazetari eta ekintzaileak jasoko dituzte aurten Bakearen eta Berradiskidetzaren aldeko Gernika sariak.
Urtero legez, Gernika bonbardatu zuteneko 81. urteurrenean jasoko dituzte sariak, apirilaren 26an. Bi saridunek duten bakearen aldeko konpromisoa eta giza eskubideen aldeko defentsa sarituko dituzte.
Epaimahaiak Barenboim saritzea erabaki du “bere musikagatik, bakearen aldeko konpromiso unibertsala izateagatik eta ondare kulturala eta artea bultzatzeagatik” . Izan ere, askatasuna eta justizia defendatu ditu musikari israeldarrak, bere ideien alde borrokatuz.
Barenboimek nazionalitate argentinarra, espainiarra, israeldarra eta palestinarra ditu; israeldar eta palestinar nazionalitateak dituen munduko lehen hiritarra da. 2008ko urtarrilaren 12an Ramalan (Palestina) emandako kontzertu baten ostean, ohorezko nazionalitate palestinarra onartu zuen, bi herrialdeen arteko hurbilketaren aldeko “keinua” izatea esperota.
Bigarren saria Helena Malenorentzat izatea erabaki du epaimahaiak. Komunitate migratzaileen alde, nazioarte zein estatu mailatako erakundeetan egin duen lana saritu nahi dute. Besteak beste, Women´s Link eta ararteko bezala egindako lana sarituko dute.
Kazetaria izateaz gain, ekintzailea ere bada Helena Maleno andaluziarra, eta migratzaileen giza eskubideen inguruko zenbait ikerketa lan burutu ditu. Migratzaileek jasotako indarkeria dokumentatu du eta ehunka ikerketa lan ahalbidetu ditu salerosketen biktimak babesteko; batez ere, emakume eta adingabeenak.
Joan den urtean, Kolonbiako bake prozesuak eta Gervasio Sanchez argazki-kazetariak jaso zituzten sariak. Urtero legez, aitorpenetako batek bakeraren alde diharduten pertsona anonimoen eginkizuna saritzen du; besteak, berriz, pertsona ezagunak edota erakunde garrantzitsuak.
Epaimahaiaren erabakia
Herritar eta erakundeen proposamenak entzun ostean hartu dute erabakia epaimahaikideek. Hain zuzen, Gernika-Lumoko Udaleko ordezkari politikoek, Pforzheimeko alkateak, Gernika Gogoratuz Fundazioko ordezkariek, Gernika-Lumoko Bakearen Museoak eta Kultur Etxeko Fundazioek osatzen dute epaimahaia.