Euskaraldia ekimenaren aurkezpen ekitaldia egingo dute bihar Gernika-Lumon
Euskara bultzatu nahian Euskal Herri mailan antolatutako ekimena da ’11 egun euskaraz’. Ekimenaren nondik norakoak bihar arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dituzte Gernika-Lumoko Kultur Etxeko erakusketa aretoan. Gainera, Euskaraldia Batzordean eragiteko prest dauden norbanako zein erakunde guztiei zuzendutako ekimena da biharkoa.
Ekimenaren helburua “herritar euskaltzaleak aktibatuta, hizkuntza ohiturak aldatzea” dela jakinarazi dute antolatzaileek. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitaratean burutuko da ekimena eta parte hartzaileek bi rol mota izango dituzte: Ahobizi eta Belarriprest.
Ahobizi rola hartzen duten parte hartzaileek euskaraz egingo die ulertzen duten guztiei eta ezezagunei zuzendutako lehendabiziko hitza ere euskaraz izango da. Bestalde, belarriprestak euskaraz entzuteko prest agertuko dira, nahiz eta beraiek gaztelaniaz erantzun.
Ekimenaren koordinatzaileak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikorako Sailburuordetza, Nafarroako Euskarabidea, Euskaltzaleen Topagunea eta Ipar Euskal Herriko ordezkaritza dira.