Euskal Ligaren azken partidua etxean jokatu zuen zapatuan, eta
21-19 irabazi zion La Unica Rugbyri.
Liderraren kontra garaipena lortuta denboraldia amaitzeagatik pozik daude basurdeak, eta denboraldiaren balorazio ona egin dute: “Poztasun itzela daukagu. Bigarren denboraldia izan da guretzat, eta egindako lanagaz harro gaude”.
Euskal Ligaren sailkapenean, La Unica Rugby talde nafarrak lehen postuan amaitu du denboraldia, 24 puntugaz. Hiru puntu gutxiago pilatu ditu Avia Eibar Rugbyk.
Gernika RTk hirugarren postuan amaitu du, 7 puntugaz, eta puntu bat gutxiagogaz Escor Gaztedi laugarren geratu da.
Denboraldiko partidu guztietan “aurpegia eman” dutela argi dute basurdeek, eta egindako lanagaz lortutako emaitzetan entrenatzaileak zeresan handia eduki duela diote. Hala,
Asier la Torreren lana nabarmendu eta eskertu dute: “Hurrengo denboraldian ez du taldea zuzentzen jarraituko, eta bere laguntza eta babesa eskertu nahi ditugu. Bera barik ez ginen helduko gauden lekura”.
Argazkia: Gotzon Zuzaeta.
La Unicak jokalari hasiberrienekin ekin zion lehiari, baina azken momentuan, partidua galduko zutela ikusita, aldaketak egin zituen. “Azken minutuetan zazpi aldaketa egin zituzten, gu jokalari gutxiago ginenez, ez genuen aldaketak egiteko ia aukerarik. Azken minutuetan nekea igarri genuen, eta azken jokaldietan estualdi bat baino gehiago izan genituen”, azaldu du Lukene Uriarte Gernika RTren kapitainak.
Goirik hiru entsegu egin zituen. Lehenengoa talde guztiaren lanaren fruitua izan zela adierazi du kapitainak: “Oso jokaldi polita izan zen. Denok parte hartu genuen”. Bigarren entsegua Goirik bakarrik lortu zuen; jokaldi guztia berak egin zuen, eta hirugarrena ere zelai erditik aurrera bere merituz gauzatu zuen. Denboraldi osoan egindako lana sarituz, partiduaren amaieran, urteko taldeko
jokalari onenaren saria jaso zuen
Goirik.
Neskak animatuz. Denboraldia amaituta, elkarrekin entrenatzen jarraituko dute, baina, modu lasaiagoan. Eskualdeko neskak eurekin entrenatzera animatu dituzte.