Dia Ligaren titulua lortzeko kanporaketaren bigarren partidua
72-74 galdu zuen
Star Center Uni Ferrolen kontra atzo, eta lehen partidua ere galdu zuenez (75-57), ez dute hirugarren partidua jokatuko.
Defentsan ondo, erasoan serio, eta aurreko neurketako
hutsegiteak konponduz jokatu zuen etxeko taldeak. Zaleek Maloste bete zuten, eta beste behin horien berotasuna igarri zuten jokalariek. Naiara Diez, Itziar Ariztimuño eta Anna Gomez nabarmendu ziren etxeko jokalarien artean.
Ezohiko hasiera izan zuen partiduak, lehen hiru minutuetan hutseko markagailua izan baitzuten. Ariztimuñok estreinatu zuen markagailua. Dongue bizi zebilen, eta Llorentek kantxaratu ere segituan hirukoa sartu zuen. Argentinarrak lan bikaina egin zuen erasoan zein defentsan, eta Ariztimuño bilbotarrak ere saskiratzeak pilatzen jarraitu zuen. Zazpigarren minutua pasatuta, bost puntuko aldea zeukan etxeko taldeak (11-6).
Ariztimuño baloiagaz.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Lehen laurdenean
ideiak argi izan zituzten etxeko jokalariek, eta aurkariak estu hartu zituzten. Baina, hirukoetan ez zuten asmatu, eta ondorioz, galiziarrek bi puntuko aldeagaz amaitu zuten lehen laurdena (11-13). Hurrengo minutuetan saskiratzeetan zehaztasun gehiago izan zuten bi taldeek. Diez kapitainaren jokoa giltzarria izan zen; hirukoa sartu, eta ondoren, 5 metrotik jaurtiketa eginez, markagailuan aurretik jarri zen Lointek. Defentsan zein erasoan joko ona erakutsi zuen talde gernikarrak. 25-21eko markagailuagaz zeudela, Ferrolgo taldea deseroso ikusi zen; Prince jokalariarentzat baloiak lortzea zen euren helburua, baina hark lan handia zeukan etxekoen defentsa saihesteko. Atsedenaldirako bi minuturen faltan, hirukoa sartu zuen Diez kapitainak (30-25), eta ondoren, Gomezen hirukoagaz etxeko zaleak zutik jarri ziren.
Naiara Diez Lointeken kapitaina.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Lehen zatian
lan txukuna egin zuen Lointekek, eta bigarren zatian maila berari eustea zen erronka. 37-28ko emaitzagaz heldu ziren atsedenaldira. Hirugarren laurdena hasi, eta Pinaren eta Ariztimuñoren hirukoekin hamabost puntuko errenta lortu zuten (43-28). Galiziarrak Araujorekin eta Sanchezekin aldea murrizten ahalegindu ziren, baina etxekoek ondo erantzun zuten.
52-46ko emaitzagaz heldu ziren azken txanpara. Etxeko jokalariek
momentu latzak izan zituzten
azken laurdenean. Trabatuta ikusi ziren, jokaldiak borobildu ezinik. Hori zuzendu guran, Mario Lopez entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen.
Partidua amaitzeko sei minutu falta zirela, 54na berdindu zuten. Taldeak gehien behar zuenean, Ariztimuñok hirukoa egin zuen. Llorente eta Caldwell elkar ulertzen zebiltzan, baina galiziarrak ez zeuden amore emateko prest, eta lehia amaitzeko bi minuturen faltan markagailua irauli zuten: 61-63.
Maria Pina baloiagaz.
Argazkia: Txebi Arriaga.
Azken minutu eta jokaldiak
emozioz eta tentsioz beterikoak izan ziren. Azken jokaldian Uni Ferrolgo Scottek hirukoa sartu zuten, luzapena eraginez (68-68). Asko zegoen jokoan eta hori ondo igarri zen bi taldeetan. Hutsegiteak eta urduritasunak nabariak ziren. Luzapena amaitzeko bi minutu eta erdi falta zirela, 70na berdinduta zeuden. Gero, azken minutuan, 72-74ko emaitzagaz beste luzapen bat lortzeko aukera izan zuen Lointekek, baina Gomezek ez zuen asmatu bi jaurtiketa libreetan.
Beste behin, taldeak eta zaleek itxura bikaina erakutsi zuten, baina talde galiziarrak merezimendu osoz lortu zuen titulua lortzeko finalerdietarako txartela.