Gaur goizean aurkeztu dituzte garbiketa eta mantentze lanetarako erabiliko diren ibilgailu berriak.
Gernika-Lumoko Udalak
iraunkortasuna eta jasangarritasuna kontuan hartu ditu ibilgailu berri horiek abian jartzerako orduan. Alor horretan hainbat pauso eman behar direla adierazi dute, eta batez ere bi helburu izan dituzte buruan:
emisio kutsakorrak eta poluzio akustikoa murriztea.
Motor mistoak daramatzaten mantentze lanetarako ibilgailu berriak.
Ibilgailuekin ingurumenari etengabe erasaten dieten CO2aren eta nitrogeno oxidoen emisioak murriztea lortuko dute. Hori ibilgailuek izango duten berezitasun bati esker emango da:
motor mistoa izango dute. Gasolina depositu txiki bat izan arren, nagusiki
gas naturalaren bidez funtzionatuko dute, diesel-motorrak albo batera utziz.
Azaldu dutenez, motorrak gasolina depositua izatea segurtasun neurri bezala erabaki dute, “gas naturalik gabe geratzeko kasuan” bakarrik erabiliko dena. “Bost eta hamar litro bitarteko gasolina depositua” daramate ibilgailuek, larrialdi kasuan gasa kargatzeko gunera iristeko beharrezkoa soilik. Guztira,
450-500 kilometroko autonomia izango dutela argitu dute.
Poluzio akustikoaren aldetik, hirietan halako ibilgailuek sortu ahal duten zarata nabarmendu dute. “Lur zabalean arrazoizkoa izan daitekeen zarata arazo bihurtu daiteke hirietan”, eta hori ekiditzeko, ibilgailuek dituzten motor mistoek poluzio akustiko murriztua sortuko dutela azpimarratu dute,
“askoz ere isilagoak” baitira.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatearen berbetan, udalak “ingurumenarekiko konpromisoagaz jarraitzeko” asmoa aurrera eramango du ibilgailu horien erabilpenarekin. Hirigintza aldetik, udalaren ikuspegia “globala” izan dela adierazi du alkateak, hiribilduaren kanpoaldea erdigunearekin “integratzea bilatuz”. Horrela, auzo guztiak “kalitate berarekin” mantendu izan nahi dituztela esan du Gorroñok, betiere “ingurumenarekin arduraz jokatuz”.