Lointekek Eurocupeko Taldekako Faseko 3. jardunaldia lehiatuko du bihar
Lointek Gernika Bizkaiak Uniao Sportiva talde portugaldarraren aurka jokatuko du bihar Eurocupeko Taldekako Faseko hirugarren partidua. Etxetik kanpo ariko dira, eta 22:30ean jarri dute hitzordua.
Eurocup txapelketako partidu bakarra galdu du orain arte Lointekek; aurreko jardunaldian Gironaren aurka. Hain zuzen ere, talde kataluniarra da multzoko liderra norgehiagoka guztiak irabazita. Bat galdu eta bestea irabazi dute Lointekek eta Uni Györrek; hala, multzoko bigarren eta hirugarren postuan daude hurrenez hurren. Hori horrela, norgehiagoka bat bera irabazi gabe dago Lointeken biharko aurkaria.
Itziar Ariztimuño jokalariaren arabera, oso talde “bertikala” da Uniao Sportiva: “Bat baten kontrakoaren bila joango dira jokalariak. Horragatik, defentsako lanean buru belarri aritu beharko gara hasiera hasieratik”.
Talde portugaldarrak jokatutako bi partiduak galdu dituen arren, partiduak irabazteko gaitsuna badaukala uste du Ariztimuñok: “Biak galdu ditu, baina ondo jokatuz gero, garaipenak lortzeko gai da talde portugaldarra”. Hala ere, “gogor” jokatuko dutela etxetik kanpo irabazteko adierazi du Ariztimuñok.
Hasiera bikaina. Inoizko hoberen hasi du denboraldia Lointek Gernika Bizkaiak. Ligan bost partidutik bost irabazi ditu, eta Eurocupean ere, partidu bakarra soilik galdu du.
Ligan taldeak inoiz izan duen hasiera onena gainditu zuten zapatuan Quesos El Pastor taldearen aurka. Bigarren zatian egindako defentsa lanagaz eskuratu zuten garaipena, eta ligako sailkapenean bigarren postuan daude, lehenengo doan Perfumerias Avenida taldeagaz berdinduta