Kortezubiko Santimamiñe kobako labar-pinturak aurkitu zituzteneko mendeurrena dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak
hainbat ekimen antolatu ditu urrira bitartean. Hala,
uztailaren 23an egun osoko jardunaldia egingo dute,
100 urte Santimamiñeko ondareaz gozatzen izenburupean.
Egun osoko ekimena izango da; besteak beste,
bisita gidatuak, zine emanaldiak, historiaurreko musika eta haurrentzako ekintzak izango dira. Uztailaren 24an, aldiz, umeentzako tailerra egingo dute, musika tresnen birziklapenari buruzkoa.
Bi filmeren proiekzioarekin hasiko da jardunaldia, uztailaren 23an.
Historiaurrera bidaia emango dute lehenengo. Santimamiñeko aztarnategitik jasotako giza fosiletako DNA mitokondriala Kortezubiko bizilagunen DNArekin erkatuz,
inguruko Historiaurreko populazioaren eta egungoaren arteko loturak bilatu eta horren berri ematen du dokumentalak. Begoña Zubiak zuzendutako film hori Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoan aurkeztu zuten, eta EHUren ikerketa proiektu bat erakusten du.
Umeak Santimamiñeko aurkikuntzaren mendeurrenaren harira egindako tailer batean
Bigarren filma –
Haitzuloetako artea– Paleolitikoko arteari buruzkoa da.
Helduek filmak ikusten dituzten bitartean, haurrek
Kobaren bila ibiliko dira,
arrastoen joko baten bitartez Santimamiñeko kobaren sekretuak ezagutzeko. Ekintza biak 12:00etan hasiko dira, kobazulo
Iluntzean, berriz, 20:00etan hain zuzen ere, Mikel Agirre Ruiz de Gopegui arkeologoak
Historiaurrean sua pizteko erabiltzen zituzten teknikak erakutsiko ditu. Ondoren, 21:30etan, Mixel Etxekopar musikariak
Aspaldian ikuskizuna eskainiko du kobako atarian. Historiaurreko musika tresnak joko ditu Etxekoparek, indusketa arkeologikoetan aurkitutako hondarretatik birsortu dituzten xirula, ttunttuna eta abarrekin.
Igandean berriz, 12:00etan musika tresna birziklapenari buruzko tailerra egingo dute, umeei zuzenduta. Jesus Guridi musikagileak gidatuko du tailerra.
Urte honetan zehar burutzen ari diren ekintzen bitartez,
Foru Aldundiak Santimamiñeko kobaren balioa nabarmendu nahi izan du, Bizkaiko ondarearen garrantzia herritarrei erakutsiz. “Santimamiñe Euskal Herriko arkeologiaren erreferentziako aztarnategi paleolitikoa izan da. Gure memoria kolektiboan sakontzen garamatzan jakintzaren sorrera sustatu du”, adierazi zuen Euskara eta Kulturako diputatua Lorea Bilbaok maiatzean.