Di Bella Entertainment enpresagaz hiru urterako
kontratua sinatu zuen aurreko astean morgarrak.
Udan abiatuko da AEBra, baina data zehatzik oraindik ez dutela adierazi du: “Seguruenik uztailean joango naiz”.
Proposamen bat baino gehiago eduki ditu, baina, Di Bella Entertainment enpresarena onena izan denez, harekin sinatzea erabaki zuen.
Morgako errebolberraren berbetan, orain arte egindako
lan onaren “fruitua” da AEBtan jokatzea.
AEBtan jokatu arren, Bilbon bizitzen eta entrenatzen jarraituko duela argitu du, eta borrokaldiak dituenean bidaiatuko du hara. Europan borrokatzen segituko du, baina orain baino borrokaldi gutxiago izango ditu hemen.
Etapa berriari ekiteko
ilusioz dago Morgako boxeolaria, baina gaur gaurkoz zapatuko borrokaldia du buruan. Urtarrilaren 9tik buru-belarri ari da borrokaldia prestatzen: “Momentuz AEBtako lana bigarren maila batean daukat; orain zapatuan borroka ona egin, eta irabaztea da nire helburua”.
Hain zuzen ere,
zapatuan jokatuko du AEBtara joan aurretiko euskal zaleen aurreko azken borrokaldia. Gabor Gorbics hungariarraren kontra ariko da nor baino nor gehiago Bilboko
Bizkaia frontoian. Aurkari gogorra dela azaldu du; besteak beste,
Kickboxing eta FullContact espezialitateetako munduko txapelduna da.
20:00etan hasiko da boxeo jaialdia.
Morgako errebolberraren eta
La ardilla de Oroshazaren borroka izango da gaueko borrokaldi nagusia, eta haregaz batera beste zazpi borrokaldi ikusteko aukera edukiko dute zaleek.
Gaueko boxeo jaialdiaren aurretik,
Bizkaiko Boxeo Olinpikoko Txapelketak jokatuko dituzte, 17:45ean hasita.
ALBISTE HONEKIN LOTUTA:
Kerman Lejarragari elkarrizketa