Ume, gazte zein helduak bildu zituen zapatuan Morgan
Dantza Loraldia jaialdiak. Eguraldiak lagunduta, kalean egin zituzten goizetik gauerdira bitarteko ia jarduera guztiak, jai giroan. Kantatzen eta dantzatzen duen herri bat ez da inoiz hilko. Hala dio esaerak, eta Morgak ere, bizirik dagoela erakutsi zuen, herrira dantzak eta kantuak ekarriz.
Frontoian egin zuten bost dantza talderen ekitaldi nagusia. Argazkia: Morgako Udala
Jai giroa dakartzaten jarduerak aukera aproposa izaten dira herrikoak batu eta elkarrekin ondo pasatzeko. Loraldia jaialdiak, esaterako, ume, gazte zein helduak elkartu zituen, dantzarik eta kanturik falta izan ez zen festan.
Bost dantza talderen parte hartzea izan zen zapatuko ekitaldian, eta eguna “oso ondo” joan zela azaldu dute Morga dantza taldekoek.
Goizean hasi zituzten ekintzak, eta goizaldeko 01:00ak arte, ekitaldi nagusiaz, trikipoteoaz, bazkariaz, bingo kanta jolasaz, gaztaporraz, dantza plaza gidatuaz, txokolate janaz eta erromeriaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek. Bazkaria Estarta tabernan egin zuten eta
180 bat lagun elkartu ziren. Gaztaporra eta bingoan lortutako dirua, berriz,
Ume Berezien Integrazioaren Aldeko Elkarteari (UBIE) emango diotela jakitera eman dute:?guztira,
316 euro.
Baserritarrez jantzita joateko deia egin zuten antolatzaileek, eta eskatutakoari jaramon eginez agertu ziren batzuk. Beste batzuk, aldiz, norbere dantza taldearen kamisetagaz atera ziren kalera.
Aurten
Morga dantza taldeak antolatu du jaialdia, eta datorren urtean herriko Dantzari Kantari taldearen txanda izango da. Datorren urtera begira, behintzat, II. Dantza Loraldia antolatzeko asmoa erakutsi dute.