Arkaitz Ispizua eta Batirtze Ispizua bermeotar neba-arrebek egin zuten
atzo eguerdian denborarik onena
Arratzun. Bertan jokatu zen
Trontzako Talde Mistoen Promozio Txapelketaren finala.
Lehenengo hiru bikote sailkatuak.
Sei bikotek lehiatu zuten finala.
Hamar zati moztu behar izan zituzten, eta
bermeotarrek lau minutu eta 28 segundotan burutu zuten lana. Horien atzetik Santi Zubizarreta nabarniztarra eta Nerea Egurrola getxoztarra sailkatu ziren, eta Karmele Gisasola eta Jesus Gisasola mallabiarrek osatu zuten podiuma.
Beste hiru bikoteak arratzuarrak izan ziren, eta horiek zazpi minutu inguru behar izan zituzten lana burutzeko. Esaterako, Beñat Obieta gazteenak ere lan ederra egin zuen. 14 urte besterik ez ditu, eta beste trontzalari helduago askoren pare dela erakutsi zuen.
Azpitxapelduna nagusi
Trontzako txapelketaren finalaren aurretik,
Ereñoko Iker Murueta Euskadiko txapeldunaren eta Arratzuko Asier Zubiaga azpitxapeldunaren arteko harrizulatze desafioa egon zen Arratzuko frontoian, eta
arratzuarrak irabazi zuen lehia.
Ordu erdiko saioan (lehen ordu laurdena pasatuta harriz aldatu zuten)
8 zulo eta 11 milimetroko marka lortu zuen Euskadiko azpitxapeldunak. Ereñarrak, berriz,
6 zulo, 11 zentimetro eta 5 milimetro egin zituen.
300 bat lagun batu ziren frontoian, eta denek ere hasieratik amaiera arte gogotsu animatu zituzten bi harrizulatzaileak.
Giro itzela sortu zuten, eta ikusleetako batzuk apustuak egiten aritu ziren.
Murueta zen faboritoa, baina, Zubiagak hasieratik bukaerara oso lan ona egin zuen. Lan luzea egin behar zutela jakitun, lasai hasi zen arratzuarra, eta batik bat lehenengo harriagaz atera zion aldea ereñarrari.
Trontza Txapelketaren sailkapena:
- Arkaitz Ispizua eta Batirtze Ispizua (Bermeo) 4 minutu eta 28 segundo
- Santi Zubizarreta (Nabarniz) eta Nerea Egurrola (Getxo) 5 minutu eta 10 segundo
- Karmele Gisasola eta Jesus Gisasola (Mallabia) 5 minutu eta 51 segundo
- Salva Erleaga eta Naroa Arrieta (Arratzu) 7 minutu eta 16 segundo
- Bingen Erleaga eta Pilar Rodriguez (Arratzu) 7 minutu eta 42 segundo
- Iraide Gezuraga eta Beñat Obieta (Arratzu) 7 minutu eta 46 segundo