48. Zaldi proba txapelketa hartuko du egunotan Nabarnizek
Lau egunetan, hamaika zaldin arteko norgehiagoka ikusteko aukera izango dute Nabarnizera bertaratzen direnek. Hain justu, barikuan, zapatuan, domekan eta astelehenean lehiatuko dira Euskal Herri osotik etorritako zaldiak.
Barikuan, irailaren 15ean, 21:00etan hasiko dituzte probok. Ordu horretan hasita, Mañuko Erauskin, Aulestiko Koba eta Gamizko Construcciones Torrontegiren zaldiak aterako dira probalekura. Ordu berean aterako dira hurrengo egunean Laukizko Totxi, Berangoko Goitia eta Aulestiko Juan Uriarteren zaldiak.
Horien artean nagusitzen denak 800 euroko saria jasoko du, eta horregaz batera, manta eta garaikurra ere. Bigarrenarentzat 700 ruoko saria egongo da; hirugarrenarentzat 600 eurokoa; laugarrenarentzat 550 eurokoa; bosgarrenarentzat 500 eurokoa eta seigarrenarentzat 450 eurokoa.
Domekan, aldiz, kinttopeko zaldi probak lehiatuko dituzte Nabarnizko probalekuan, 18:00etan hasita. Egun horretan, Kortezubiko Eurtenetxek, Aulestiko Aitor Alzaak, Azkoitiako Txibilterrek eta Etxebarriako Adorrixa anaiek parte hartuko dute. Hala, astelehenean beste lau zaldiren arteko norgehiagoka izango da nagusi; hain justu, Bermeoko Janire Alegriaren, herriko Jatetxe Nabarnizen, Maumeko Baraiazarraren eta Zumaiko Talaia jatetxearen zaldien artekoa.
Kinttopean lehiatzen direnen artean puntuaketa onena lortzen duenak 750 euroko saria jasoko du, mantagaz eta txapelagaz batera. Bigarrenak, aldiz, 650 euro jasoko ditu; hirugarrenak 575 euro; laugarrenak 525 euro; bosgarrenak 500 euro; seigarrenak 475 euro; zazpigarrenak 450 euro eta zortzigarrenak 425 euro.
Gainera, txapeldunordearen %50 egin, eta saririk jasotzen ez duenarentzat ere 300 euroko saria banatuk0 dutela jakitera eman dute. Eta aurreko urteetan legez, herrikoak ere era berezian saritu nahi dituzte beraientzako propio egindako sariketan; hala, herriko onenak 120 euro jasoko lituzke.