Siriar errefuxiatuentzako neguko arropa biltzen dabiltza egunotan Ean. Hain zuzen, astelehenean hasi ziren behar horretan, eta aste osoan izango du nahi duenak kostaldeko herri horretan erabiltzen ez duen edota behar ez duen arropa bertan uzteko aukera. Barikura bitartean, eskolan, udal arkupean eta Eskolondon dabiltza jendeak utzitako arropa batzen. Asteburuan, aldiz, herriko elizpera eraman beharko da arropa.
Hala, eatarrek jakinarazi dutenez, beraien herrialdeko egoeragandik ihesean dabiltzaten siriar errefuxiatuei bidaltzeko, batez ere, neguko arropa gura dute; hala nola, jakak, botak, galtzerdiak…
Belendizen, pozik bilketagaz
Arratzuko Belendiz auzoan ere batu dute errefuxiatuentzako arropa. Hain zuzen, domekan elkartu ziren Belendizko txokoan horretarako, eta herritarrek emandako erantzunagaz pozik agertu da bilketaz arduratu den herriko taldea. Bilketa hori «bat-batekoa» izan dela azaldu dute; izan ere, Arrasateko Aita Menni ospitalean arropa bilketa egiten zebiltzan informazioa heldu zitzaien, eta beraiek ere bilketa egitea proposatu zuten taldean. AZkenean, Aita Mennikoek arropa nahikoa batu zutela eta, Asturiasko elkarte batekin jarr ziren harremanetan, eta horien bitartez bideratuko dute domekan batutakoa.
Domekako bilketa arrakastatsua izan bazen ere, diru eta janari bilketa indartu beharko litzatekela uste du Arratzuko taldeak;?«izan ere, arropa batzea erraza izaten da, ez, ordea, gainontzekoak». Halaber, Grezian bertan zer behar duten jakitea garrantzitsua dela uste dute arratzuarrek, eta horren arabera egin beharko litzatekela bilketa. Janaria, esaterako, «beti» behar den gauza bat dela diote; egunero-egunero behar dena.