Lanuzte eta elkarretaratzeekin jarraituko dute Arrotegi Zahar Etxeko langileek
Busturiako Arrotegi Zaharren Etxeko langileak hilabete eta erdi daramate beraien “eskubide eta lan baldintzen defentsan” lanuzetak egiten; otsailaren 26an hasi ziren elkarretaratzeekin. Akordio bat lortu ez dutenez epaitegietara auzi eske joatea, eta lanuzte eta elkarretaratzeekin jarraitzea erabaki dute.
“Enpresak negoziazioa baldintzatzeagaz batera ezabatu dituen eskubideen defentsan, elkarretaratze eta lanuzteak egitera behartuta gaude. Horregatik, lan baldintzen defentsan, legeak eskaintzen dizkigun baliabide guztiekin borrokatzen jarraituko dugu”, adierazi dute Arrotegi egoitzako langileek.
Batzorde Patronalak eginiko murrizketak salatu dituzte zahar etxeko beharginek, “langileen aurka” hartutako erabakiak direla salatuz. Azken hilabeteetan, enpresak egindako “soldata gehigarrien murrizketak” eta “ezarritako egutegiaren” aldaketak ez dituztela onartzen jakinarazi dute. Baita jai egunetan lan egiteagatik langileei aplikatzen zitzaien soldata gehigarria “Batzorde Patronalak konpentsazio barik” utzi duela adierazi ere.
Langileek aitortu dutenez, enpresako zuzendaritzak jai egunen soldata gehigarria aldatuko zuela abendu bukaeran jakinarazi zien beharginei. Momentu horretara arte, 0,75ko balioaz ordaintzen zitzaizkien 14 jai egun ofizialak, baina aldaketekin, lan denboragaz eta 0,25ko balioaz ordainduak izatera igaroko zirela esan dute beharginek.
Horren aurrean, langileek lanaldia “denboran” konpentsatzea onartu zutela aitortu dute, betiere aurretik jasotzen zuten ordainketaren balioa “berdina” mantentzeko baldintzagaz. Zuzendaritzaren proposamenak ez zituenez langileen aurreikuspenak bete, hauek ez zuten akordioa onartu.
Egoitzako zuzendaritzak orduan, 2018ko lan egutegia “aldatu” eta “jai egunetako soldata gehigarriaren balioa ezabatu” zuela salatu dute egoitzako beharginek, eta horren aurrean gogor agertu dira: “neurri honegaz, langileok jai egunetan lan egin arren, urteko jardunaldi osoa egiten jarraitzen dugu inolako ordainketa gehigarriak jaso barik”.
Zuzendaritzak hartutako “erabaki horregaz” eta “lan baldintzen aldaketagaz”, hitzarmenaren 3. xedapen gehigarriko klausula zuzendaritzak “ez duela betetzen” adierazi dute beharginek, “lan baldintza onuragarrienak errespetatzen ez dituelako”.
Jarrera. Egoitzako zuzendaritzak langileek “larritzat” hartzen dituzten jokabideak izan dituela adierazi dute beharginek eta egoitzako zuzendaritza “iruzur” egiten saiatu dela adierazi dute: “jakinarazpen bat delakoan, benetako paktua zen dokumentua sinatzearen saiakera egin zuen zuzendaritzak komiteko langile bategaz”.
Gainera, zuzendaritzak “fikziozko proposamenak” eskaini dizkiela salatzen dute, proposamenak ezerezean geratu direla jakitera emanez. “Ordainketen inguruan langileon ezezkoa jaso ondoren, proposamenak alde batera utzi, eta lan egutegia aldatu eta jai egunetako soldata gehigarria ezabatu digute”, adierazi dute beharginek, zuzendaritzaren “errepresaliak” kritikatuz.
Horrez gain, zuzendaritzak “enpresa batzordea gutxietsi” duela adierazi dute, eta langileen lanuzteek egoitzari “irudi txarra” ematen diotela esateaz kexu dira beharginak.