Aitor Rodriguez nagusitu da Busturiko lasterketan
Esprintean erabaki zen atzo Kadeteen Busturiko Udala Saria. Ordubete, 28 minutu eta 19 segundo markatu zituzten helmugan lehenengo hiru txirrindulariek. Jarraian, 24 txirrindulariko taldea hamazortzi segundora ailegatu zen Altamirako helmugara, eta lehen hirukotearengandik 29 segundora amaitu zuten beste zortzi txirrindularik.
Vicinay Cadenas/Lancor taldeko Rodriguezekin batera, Goran Bijelic (Gaursa Renault-Elorrio-AB) eta Asier Castilla (Luyando-Ganzedo-3Lezam) txirrindulariek osatu zuten podiuma.
Mendiko sailkapenari dagokionez, Rodriguez izan zen onena (6 puntu). Castilla sailkatu zen bigarren (4 puntu), eta Bijelic hirugarren (2 puntu). Tarteko helmugako mailota, ostera, Castillak jantzi zuen. Berak eta bere taldekide Mikel Berazak hiruna puntu eskuratu zituzten. Rodriguez sailkatu zen hirugarren, bi puntugaz, eta Ekin/Sc Amorebieta taldeko Aitzo Sasietak ere bi puntu lortu zituen.
Bizkaiko taldeekin batera Arabako talde bat egon zen Busturian. 11:00ak aldera hasi zen lehia. 68 txirrindulari atera ziren Altamira auzotik, eta Gernika-Lumo eta Bermeo arteko errepidean 53 kilometro pasatxoko ibilbidea egin ondoren, hasitako leku berean izan zuten helmuga.
Busturiko Txirrindulari Taldeko arduradunen berbetan, dena ondo atera zen, eta antolaketagatik zoriondu dituztela zehaztu dute. “Pozik gaude. Ez zen istripurik edo bestelako gorabeherarik egon, eta epaileek eta ertzainek dena ondo joan zela esan ziguten. Gainera, jende asko egon zen bidegurutzeetan eta errepide bazterrean lasterketa ikusten eta txirrindulariak animatzen”.
*ARGAZKIAK: BUSTURIKO TXIRRINDULARI TALDEA