Iñaki Madariaga Errigoitiko alkate ohia (EAJ)
auzipetzeko autoa kaleratu du epaileak. Hala ere, auto horri helegitea jarri dio defentsak, eta epaileak errekurtsoa onartu ala ez zain daude, hauteskunde-delituengatik epaitua izango den jakiteko. Zenbait komunikabidek atzo zabaldu zutenez, 2011ko udal hauteskundeetan egindako irregulartasunengatik, lau delitu leporatzen dizkio epaileak Madariagari, auzipetze-autoan.
2011ko maiatzaren 22an egin ziren hauteskundeetan legez kanpoko erroldatzeak egin zituela iritzita,
EH Bilduk kereila kriminala jarri zuen, orduan Errigoitiko alkatea zen Iñaki Madariagaren aurka. Begoña Uribarri eta Ziortza Bernal EH Bildu Errigoitiko zinegotziek emandako prentsaurrekoan adierazi zuten alkateak iruzurra egin zuela “lanpostu eta baimenen truke”, udal hauteskundeak irabazteko asmoarekin.
Gernikako epaitegian burututako diligentzia prozesu luze baten ostean, Madariagari 32 pertsona legez kanpo erroldatzea, iruzurra, legez kanpoko hauteskunde propaganda egitea eta ustez promesengatik botoa eskatu izana leporatzen dio epaileak auzipetze autoan. Kargu horiengatik,
bederatzi urtetik gorako espetxe zigorra eska dezakete Madariagarentzat. Dena den, epaileak helegitea onartu ala ez erabaki behar du oraindik.
Bost urteko prozesua
Madariagak 2012ko maiatzaren 21ean deklaratu zuen
epailearen aurrean. Orduan, bere aurkako «jazarpen politikoa» salatu zuen alkate ohiak, eta deliturik egin izana ukatu zuen.
Herritarrek bateratzea egin zuten, Errigoitiko alkate ohia epailearen aurrean deklaratzera joan zenean
Madariagak, gainera, hauteskunde egunean propaganda banatzen ibili izana ukatu zuen epailearen aurrean. Hala ere, akusazio hori berresten duen grabazio bat dutela esan zuen Goirizelaiak, salaketaren atzean jazarpen politikorik dagoela ukatuz.
Instrukzio faseko ikerketen arabera, dagoeneko
existitzen ez den etxe batean bi pertsona erroldatu zituzten. Horrez gain, Goirizelaiak jakinarazi zuenez, alkate ohiaren etxean ere lau pertsona zeuden erroldatuta, eta Madariagak ezin izan zuen horiekin duen harremana azaldu.
Errigoiti bezalako herri txiki batean, legez kanpoko erroldaketek hauteskundeetako emaitza baldintzatu dezaketela salatu zuen EH Bilduk. Izan ere, EAJk bost botoko aldeagatik lortu zuen alkatetza, eta laugarren zinegotzia. Hauteskunde haietan EAJk198 boto lortu zituen, EH Bilduk 138 eta SOS Errigoitik 82.