Azken urteotan, surfaren praktika areagotu egin dela eta ume eta helduei surf klaseak emateko surf eskolak gero eta gehiago direla dio Ibarrangeluko Udalak. Era berean, kirol hori jarduera ekonomiko eta turistiko batetan bihurtu dela deritzo. Hori horrela, Laga eta Laida hondartzetan jarduera hori arautzea erabaki du.
Batez ere, surfa praktikatzen dutenen alde eta hondartzetako beste erabiltzaileen onurarako hartu zuen arautzearen erabaki hori Ibarrangeluko udalbatzak 2017ko otsailaren 17an egindako osoko bilkuran. Orduan onartu zuen behin-behinean hondartzen erabilera arautzen duen ordenantzaren modifikazioa, eta behin betiko onarpena eman dio, aldiz, maiatzean.
Udal arduradunek gogoratu dute, itsasoa guztiona dela eta udan bainulariek surflarien gain lehentasuna dutela. Hori dela eta, batzuen eta besteen arteko elkarbizitza arautu eta guztion segurtasuna bermatzeko asmotan, zenbait arau ezarri dituzte hondartzen erabiltzaile eta surf eskola guztiek errespetatu beharrekoak:
- Surfa praktikatzeko gunea bandera gorri eta urdin bik mugatzen dute. Momentu guztietan hondartzaren mugaketa hau hartu beharko da kontutan eta baita ere hondartzain eta sorosleen aginduak.
- Hondartzetako denboraldin, Lagako hondartzan aldi berean, gehienez, 45 surf ikasle egon ahalko dira, eta Laidako itsaso aldean, berriz, 42 surf ikasle.
- Surf klaseak emateko hainbeste lizentzi eman ahalko dira beti ere ezarritako baldintzak betetzen dituzten surf eskolen artean.
- Hondartzen denboralditik kanpo ikasle zein eskola kopurua mugatu gabe egongo da.
- Surf ikastaroak emateko lizentzia bat lortu nahi duten eskola guztiek Maiatzak 19ko 95.zenbakidun Bizkaiko Aldizkari Ofizialean azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskabidea aurkezterakoan. Eskaera urtero, urtarrilak 31 baino lehen aurkeztu beharko dute.
- Lizentzia bat eskuratzen duten eskola guztiek 100 euro/denboraldiko ordaindu beharko dute, baimenaren tramitazioa dela eta. Horrez gain, Itsasertz Mugarteak emandako baimena dela eta dagokion kanona ordaindu beharko diote Ibarrangeluko Udalari.