Esklerosi Anizkoitzaren alde bustiko dira domekan
Beste urte batez, Busti Zaitez kanpaina jarri du martxan Eugenia Epalza Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak. Aurtengoa, 20. kanpaina izango da, eta domekan jarri dute hitzordua hori ospatzeko. Egun horretan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hainbat igerileku eta hondartzetan, Esklerosi Anizkoitzaren alde igeri egingo dute.
Beste hainbat herritan legez, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko txoko ezberdinetan ere Esklerosi Anizkoitza duten herritarrei elkartasuna adierazteko bilduko dira domekan; hain justu, Bermeon (kiroldegiko igerilekuan), Elantxoben (portuan), Gernika-Lumon (San Kristobal auzoan), Ibarrangelun (Laga hondartzan), Lekeition (Isuntza hondartzan), Markina-Xemeinen (igerilekuan), Mundakan (Atalaian) zein Ondarroan (Plaiko Zubi ondoan).
Toki horietan guztietan, ohiko ordutegian (10:00etatik 18:00etara) egongo dira elkarteko kideak, Mundakan izan ezik; kasu horretan, 10:00etatik 15:00etara arte egongo baitira, gutxi gora-behera.
Elkartasunezko metroak. Hala, tarte horretan, Esklerosi Anizkoitzaren aldeko metroak igeri egiteko aukera izango dute hondartza eta igerileku horietara doazenek. Antolatzaileek azaldu dutenez, igeri egiten dutenek diploma bana jasoko dute, burututako metroak zehaztuta.
Halaber, kanpainaren merchandising-a erosteko aukera ere egongo da leku horietan, eta gaitzari zein kanpainari buruzko informazioa eskuragarri egongo da, 200 boluntario baino gehiagoren lanari esker.
Adierazi dutenez, eguna bukatzerakoan, Euskadiko 80 puntutan igeri egindako metro danak bilduko dituzte, Esklerosi Anizkoitza pairatzen duten pertsonei elkartasun sinbolikoa adieraztekotan.
Busti Zaitez kanpaina Euskadiko 80 puntutara eramango dute domekan; hala ere, ekitaldi nagusia Getxoko Ereaga hondartzan egingo dute, 12:00etan hasita.
20 urte igaro dira lehenengoz Busti Zaitez kanpaina martxan jarri zutenetik. Barakaldoko Gorostizako igerilekuetan egiten zuen jendeak igeri, baina gerora, Euskadi osoan zabaltzen joan da, eta gaur egun uda sasoiko ekitaldi arrakastatsua da. 20 urte horietan euskal gizartea «zein eskuzabala eta solidarioa den» ezagutu ahal izan du Esklerosi Anizkoitzaren aldeko fundazioak, eta aurten ere, hala jarraitzeko gonbidapena luzatu dio euskal gizarteari.
Halaber, antolatzaileek herritarrei dei egin diete kanpainan gertatzen den guztia sare sozialen bitartez parteka ditzaten, eta, horretarako, #BustiZaitez2017 traola erabiltzeko eskaera egin diete.