[ARGAZKI GALERIA] Indarkeria matxistaren kontrako eguna Busturialdean
Busturialdeko hainbat herritan elkarretaratzeak egin zituzten zapatuan emakumeenganako indarkeria amaitu dadin ozen eskatzeko, eta indarkeria matxista jasan duten emakumeei babesa agertzeko. Ean, esaterako udaletxe eguerdian elkartu ziren bizilagunak, eta Gernika-Lumon Merkurio Iturrian hasita manifestazioa egin zuten iluntzean eta Ibarrangelun ere iluntzean egin zuten kontzentrazioa.
Zapatuan bertan zein aurreko egunetan hamaika ekintza burutu zituzten udalerrietan. Zapatu goizean Emakumeenganakoindarkeriaren aurkako martxa egin zuten bermeotarrek. Ume, gazte zein helduk bat egin zuten ibilaldian, eta ondoren adierazpen instituzionala irakurri zuen Idurre Bideguren Bermeoko alkateak. Besteak beste datu esanguratsua eman zuen: aurten Bermeon 21-50 bitarteko 22 emakume artatu dituzte indarkeria matxista jasateagatik. Ekitaldian Bermeoko Zelai Agirre eskubaloi jokalari ohiak eta gaur egun entrenatzaile lanetan diharduenak ere hitza hartu zuen. Emakume izanda eskubaloi jokalari izatea zer den azaldu zuen. Halaber, Sareginek performance bat antzeztu zuten.
Bestalde, Muxikako andrek Isilduen Museoa antzezlana estreinatu zuten iluntzean Ariatza auzoko elizan. Euren bizitzen jabe izateko borroka etengabean ibilitako emakumeak topatu zituzten herriko umeek museo barruan. Historiak ahaztu eta isildu dituen emakumeen historia kontatzeko zabaldu zuten museoa; besteren artean Nafarroako Blanka II, Anna Bolena, Juana Trastamara (Juana La loca), Maurizia Aldaiturriaga, Frida Kalho, Chavela Vargas, Madrilen fusilatu zituzten 13 larrosen eta gudariei arropak jostearren preso eramandako sei muxikarren bizitzak ezagutarazi zituzten.