San Migel jaiak ospatzen dabiltza egunotan mendatarrak, eta gaur dute jaietako egun bereziena.
Gure sustraietan murgilduz lemapean batu dira herritarrak.
Baserri mundua eta baserritarrak omentzeko eguna da gaurkoa. Elexalde eta Mendaturi auzoen artean kalejira eginez hasi dute eguna, Bankako Menditarrak talde nafarrak eta Ondarroako Kantaize abesbatzaren doinuek lagunduta.
Hain zuzen ere, kalejiran hasi aurretik, kanta pare bana abestu dute abesbatzek. Gero, idi pareak eta hiru astok ireki diete bidea bertaratutakoei, eta horien atzetik tipi-tapa abiatu dira Mendaturi auzora.
Bidean geldialdia egin, eta arbasoen baserrietako bizimodua bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Zehatz esateko, baserriko lanak zelan egiten ziren ikasi dute ume, gazte zein nagusiek.
Lurra goldatzen, belarra mozten, otzarak egiten, garia jotzen… askotariko zereginen erakustaldiak egin dituzte. Hain zuzen ere, baserrietara traktoreak heldu aurretik, idi zein astoek baserri-lanetarako zuten garrantzia azaldu dute. Gainera, azoka txiki bat ere ipini dute, ortuariakaz eta baserriko ogiagaz zein gaztagaz.
Atsedenaldiaren ostean, Onaindi baserrira abiatu dira. Bertan,
Gure baserri munduari eta baserritarrei plakaren ondoan elkartu dira.
Baserri munduak, eta euskal baserrietako jendeak omentzea beharrezkoa zela adierazi du Joseba Mallea Mendatako alkateak: “Bertako ohitura, bertako baloreak mantentzen dituen mugarri bat dira gure sustraiak”. Horregatik, gaur egungo ume eta gazteek arbasoen lana ezagutzearen garrantzia azpimarratu du Malleak.
Omenaldia amaituta, Idoia Etxebarria oriotarrak eta Inaxio Perurena leitzarrak harrijasotze erakustaldia eskaini dute.
Bertaratutakoen animo oihu eta txaloen artean, Perurenak 200 kiloko, 250 kiloko eta 270 kiloko harriak jaso ditu, eta Etxebarriak 88 kiloko eta 75 kilokoagaz burutu du erakustaldia. Biek ala biek bolagaz amaitu dute erakustaldia (75 kg-koa Etxebarriarena eta 110 kg-koa Perurenarena).
Arratsaldean musika nagusi
Erakustaldiaren ostean, hamaiketakoa jan, eta Elexalde auzora joan dira kalejiran.
Bertako frontoian 200 herritar inguru ari dira bazkaltzen. Arratsaldean ere jai giroak ez du etenik izango. 17:30etatik aurrera Gontzal Mendibilen emanaldia izango dute. Iluntzean, berriz, Iker Allurren eskutik erromerian dantzan eta kantuan aritzeko aitzakia izango dute. Gainera, gauean pintxoak dastatzeko aukera izango dute frontoian.
BIHARKO EGITARAUA:
- 12:00. Meza, herriko koruagaz.
- 13:00. Zaldi probak: Barayazarra (Maume) eta Patxua Taberna (Markina-Xemein).
- 17:30. Puzgarriak, umeentzako jolasak, eta txokolatea txurroekin ume eta nagusientzako.