Antolatzaileen arabera “arrakastatsua” izan da lehenengo Kalerik Kale kale arteen jaialdia. Mundaka bete duela azaldu dute. Herritarrak kalera atera zirela eta herritik kanpoko jende asko ere egon zela adierazi dute.
Bertaratutakoek zazpi antzerki ikusteko aukera eduki zuten. Goizeko saioan jende asko eta asko egon bazen ere, arratsaldeko lehenengo ordukoan jende gutxiago egon zen. Datorren urtera begira, hortaz, aurtengo esperientzia ikusita, arratsaldeko saioak beranduago jarriko dituztela esan du Izaskun Agirresarobe jaialdiaren zuzendariak. Gauean, Goiko Kalea gainezka egon zela esan du Deabru Beltzaken ikuskizunerako.
“Jende askok esan du San Pedro jaietan baino jende gehiago batu zela zapatuan. Herritarrak ere pozik zeuden, antza denez, ez zuten horrelako jaialdi bat espero. Artekale Eguna ezberdina izan zen iaz, istorio bat kontatzen zen. Oraingoan, baina, istorio eta emozio ezberdinak bizitzeko aukera eduki dute, aberatsagoa izan da alde horretatik. Talde ezberdinak izan dira, proposamen oso ezberdinak eskainita, gainera. Beraz, oso pozik gaude Kalerik Kalek izan duen erantzunagaz”, esan du Agirresarobek.
Datorren urtean ikuskizunen bat edo beste jubilatuen etxean edota herriko zaharren egoitzaren batean egitea ondo legokeela uste du Agirresarobek, “eurek ezin dute kalera atera, eta kale artea denontzat da, adin guztietako ikusleentzat”.
Jaialdia antolatzeko lan handia egin badu ere, eduki duen arrakasta ikusita, “indarberrituta” dago Agirresarobe. Mundakako Udalak aurten lehenengoz antolatu duen Kalerik Kale jaialdia, gainera, geratzeko jaio da. Hortaz, datorren urteko jaialdia “gogotsu” prestatzen hasiko dira.
Jaialdia prestatzeko lanetan lagundu duten boluntario guztien lana eskertu gura dute; eta, batez ere, Ruben Sastrek egindako lana nabarmendu dute.