Mundakako Udala jubilatuen etxea birmoldatzeko proiektua lantzen ari da
Mundakako Udalak eta Gaur Dala Bihar herriko jubilatuen elkarteak hitzarmena berritu dute. Modu horretan, Mundakako jubilatuek udalarena den lokal bat erabiltzen jarraitzeko aukera edukiko dute. Gainera, udal arduradunek jakitera eman dutenez, gune hori birmoldatzeko proiektua lantzen ari dira. Lan horiek egin ahal izateko diru laguntzak kudeatzeko “esfortzu handia” egingo dutela azaldu du Mundakako alkate Aitor Egurrolak, eta “ahalik-eta arinen” egitea da asmoa.
“Gure nagusiek ekintza ugari antolatzen dituzte herrian”, esan du alkateak. Horretarako, lokal egoki baten beharra daukatela uste du. Hori dela eta, lokalaren birmoldaketa proiektua lantzen dabiltza. Herriko nagusiak herrian bertan aisialdi aktiboa izatearen alde egiten dutela dio Egurrolak, hortaz jubilatu guztiak animatu ditu gunea erabiltzera.
Udalagaz sinatutako hitzarmenari esker, Gaur Dala Bihar elkarteak San Pedro Arrantzaleen kofradiako udal lokalen parte bat erabiltzen du Jubilatuen Etxe moduan. Kasinoaren eraikineko lokalaren parte bat da; Ander Deuna 1 zenbakian kokatuta dago.
Hitzarmenak, aisialdi kulturalaren erabilera baimentzen du; hitzaldiak, erakusketak, tailerrak edota sukaldaritza ikastaroak antolatzeko aukera daukate.
Udalak ordainduko du kofradiako antzinako lokalaren Ondasun Higiezinen gaineko Zerga (OHZ), komunidadeko ohiz kanpoko gastuak eta kontinentearen asegurua. Beste behin ere, urte baterako hitzarmena sinatu dute, hala ere, luza daitekeela azaldu dute. Gaur Dala Bihar elkartearen ardura izango dira lokalaren mantenua eta garbiketa.