Edu Etxeberria donostiarra nagusi izan da Mundakako Kayaksurf Txapelketan
Atletico San Sebastian klubeko kide ezagunak Open IC eta Master HP kategorietako txapelak jantzi ditu Mundakan.
Euskadiko Kopako lehen proba honetan, kategoria guztietan maila altua eta parte hartze ona izan dutela azpimarratu dute Mundaka SurfKayak Piraguismo Elkartearen ordezkariek: “Izan genezakeen parte hartze onena eduki dugu; Euskadiko selekzioko kide denak egon dira Mundakan”.
Txapelketa bi egunetan lehiatzekoak ziren, baina, domekan olaturik izango ez zutela-eta, zapatuan jokatu zituzten kanporaketak eta finalak. “Zapatuan maratoia egin genuen, eta gaueko afaria sari banaketa egiteko aprobetxatu genuen”.
Mundakako elkarteko bi kidek lortu dute podiumean sartzea. Txema Carreto izan da Grand Masterreko txapelduna, eta Oskar Martinez bigarren sailkatu da Master HP eta Master IC kategorietan.
Open mailan 13,37 puntugaz nagusitu da Edu Etxeberria, eta haren seme Odei Etxeberria sailkatu da bigarren, 10,83 puntugaz. Gorka Martin (10,23 puntugaz) eta Xabi Olano (8,5 puntugaz) geratu dira hirugarren eta laugarren, hurrenez hurren.
Master HPan 9,93 eskuratu ditu Etxeberriak; Oskar Martinez bigarrenak 8,73 puntu lortu ditu. 7,3 puntugaz Txema Carreto izan da hirugarrena, eta 7,23 puntugaz laugarrena. Master IC kategoriako txapelduna Xanti Ubeda izan da, 8,87 puntugaz, eta Oskar Martinez txapeldunordeak 4,47 puntu bildu ditu. Jon Agirre sailkatu da hirugarren postuan, 4,3 puntugaz.
Emakumezkoen Master HP eta Master IC kategorietan Olatz Garmendia izan da onena. Master HPan, esaterako, 8,6 puntu eskuratu zituen. Andrea Garcia bigarrenak, 7,77 puntu eta Ainhoa Tolosa hirugarrenak 7,73 puntu lortu zituzten.
Junior HPko txapelduna Hodei Crujeiras izan da, 10,50 puntugaz, eta aldea handia atera die gainontzeko parte hartzaileei. Izan ere, Aitor Malo bigarrenak 7,4 puntu bildu ditu, Eñaut Calvo hirugarrenak 7,33 puntu eta Peru Bariandarain laugarrenak 4,47 puntu.
Euskadiko Koparen hurrengo proba Bakion izango da maiatzaren 26an. Udako geldialdiaren ostean, irailaren 29an eta 30an Bakion izango dute hitzordua. Laugarren proba Zurriolan lehiatuko dute, urriaren 6an, eta azken proba, berriz, Zarautzen izango da, urriaren 20an.
ARGAZKIAK: MUNDAKA SURFKAYAK PIRAGUISMO ELKARTEA: