Ean eta Mundakan herriko jai nagusiak ospatuz eman dituzte azken egunak. Urteko egun luzeenak jai giroz eta musikaz bete dira aurten, suen argiekin batera.
Barikuan hasi zituzten herriko jaiak eatarrek, arratsaldean
txupina jaurtitzeagaz batera
sardina jan ederra eginez herriko plazoletan. Tripa bapo bete ondoren,
musikaren soinuak alaitu zuen Eako gaua, plazoletan bertan eskainitako kontzertuekin: Oskar Benas Instro Combo, Pushermen eta Franco taldeak aritu ziren.
Eatarrek txupina bota zuten Kaiarrixa irlaren tontorretik, jaiei hasiera emateko.
Zapatuan,
herri bazkaria egin zuten plazoletan, eta Dangiliske taldearekin batera dantzan aritu ostean, San Joan suak eta su artifizialen ikuskizunak argitu zuen Eako gaua. Horren egun bereziari bukaera emateko, Haitzama erromeriak eskainitako doinuekin dantzatuz ibili ziren udalerriko bizilagunak. Domekan eta astelehenean,
umeentzako ekimenak izan ziren nagusi, eta hala, txiki zein gaztetxoek hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izan zuten: harezko gazteluen lehiaketan edota txontxongiloen saioan, besteak beste.
Bihar izango da eatarrentzako egunik bereziena,
Erreka Eguna ospatuko baitute. Eguerditik hasiko dira
ate gainekoarekin, herria jai giroan zeharkatuz eta arratsaldean, eatar guztiek
errekara salto egingo dute, tradizio handiko eguna ospatzeko.
Herritik zehar aritu ziren Mundakako Dantzariak. Argazkia: Beatriz Goitia
Mundaka musikaz betez. Mundakan ere giro biziaz hasi zituzten jaietako lehen egunak. Bariku eguerdian eman zioten hasiera jaiei, udalerriko Txilipitxeruek Kultur elkarteak antolatutako egitarauarekin, eguerdian
bertso poteoa eginez herriko tabernetatik. Giro galantean ibili ziren bertaratutakoak, kantu eta tragoen artean. Poteoaren ostean,
herri bazkaria egin zuten Mundakako udaletxeko aterpe azpian, hainbat lagun bilduz jaiak berotzen joateko, eta arratsaldean, umeentzako jolasak jarri zituzten, etxeko txikienek edarto pasatzeko.
Iluntzean,
kuadrillen jaitsiera egin zuten Basaranetik hasita. Hainbat kuadrila izan ziren bertan, musikagaz eta jai giroagaz herria alaituz. Jaitsieraren ostean, txosna gunean kontzertuez gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, Primeros Auxilios eta Distorsion taldeen doinuekin. Kontzertuei bukaera emateko, erromeriak alaitu zuen gaueko festa giroa.
Zapatua
kirolekin hasi zuten mundakarrek, goizean etxeko txikienak protagonistak bilakatuz,
herritik bizikletan aritu baiziren lasterketan. Lasterketa bukatu ostean, guztiek batera argazkia atera eta luntx txiki bat egin zuten, baita parte hartzaile guztien arteko zozketa bat ere, hainbat ezustekorekin. Ondoren,
Paddle Surf Erronka egin zuten Laidatxuko hondartzan. Joan den asteburua, baina, jaietako lehena izan da Mundakan, hortaz, egunotan ere, izango da zegaz gozatu herrian.
Atzo, Gazte Zar Dantza Taldearen 50. urteurrena ospatzeko
emanaldi berezia egin zuten, herritik zehar aritu ostean Isla Kale Kiroldegian ikuskizun nagusia eginez.
Ean eta Mundakan ez ezik, Errigoitiko Zallobanten, Gernika-Lumoko San Juan Ibarran, Ereñoko Gabikan, Mendatako Lamikizen, Ajangizko Kanpantxun, Bermeon eta Muxikako Ajurian ere ospakizunetarako tartea egon zen.