Alejandro Mallona alkate ohia omendu dute Mundakan
Mundakako alkate jeltzalea izan zen Alejandro Mallona Iza omendu zuten martitzen eta eguaztenean Mundakan; bere fusilamenduaren 81. urteurrenean.
1937ko irailaren 5ean erail zuten falangistek alkate ohia, eta bera omentzeko Busturialdeko Oroimenaren Lekua elkarteak oroitzapenezko lore eskaintzak antolatu zituen. Martitzenean, lore eskaintza Mundakako kanposantuan egin zioten alkate ohiari, bertan baitago haren hilobia; eguaztenean, berriz, bere izena daukan Mundakako parkean izan zen ekitaldia.
Errepublika garaian Euzkadiko Errepublika federatua sortzeko eta Euskal Errepublika aldarrikatzeko euskal alkateek egindako ahaleginetan parte hartu zuen Mallonak. Horregatik, elkarteko kideek Mallona “bertako ikurra” dela diote, eta “alkate ohia eta bere izaera politikoa” aldarrikatu behar direla nabarmendu dute.
Mallonaren kasua “berezia” dela esan zuten eguaztenean: “Euskal Herrian bi alkate fusilatu zituzten; bata Lizarrakoa eta bestea Mundakakoa. Eta Mallonaren kasua, gainera, aitortu gabe dago oraindik”.
Kasu “berezia”. Historian ez dagoela horrelako “beste kasurik” adierazi eta Mallonaren oroimena lantzea beharrezkoa dela azaldu dute elkartekoek. “Ezinbestekoa da bere lana jasotzea eta lantzea, bere biografia politiko eta pertsonala bultzatzea, alegia”.
Fusilamenduaren 75.urteurrenera arte Mallona ez dela gogoratua izan esan dute elkartekoek, eta horregatik, bere oroimena landu nahi dutela. Ekimen bi hauekaz, beraien helburua ezagutarazi dute Busturialdeko Oroimenaren Lekua elkartekoek.