EAJk Unai Rementeria berraukeratu du Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagai izateko
2019ko maiatzaren 26an egingo diren hauteskundeetan Batzar Nagusietarako aurkeztuko dituzten hautagaiak aukeratu ditu EAJk Bizkaiko Herrialde Batzarrean. Bertan, Unai Rementeria Maiz mundakarra hautatu dute, beste behin, Bizkaiko Ahaldun Nagusi izateko hautagai legez.
2015. urteko uztailean hartu zuen Rementeriak Bizkaiko Ahaldun Nagusiaren kargua. Bizkaiko herrialdea zatitzen duten lau hauteskunde barrutietatik, Rementeria Busturia-Uribeko zerrendaburua izango da datorren hauteskundeetan.
Hogei urte beteko dira hautagaia arlo politikoan murgildu zenetik. 1999an independiente gisa sartu zen Mundakako EAJren zerrendan. Zinegotzi eta alkate izan zen Mundakako Udalean, eta ondoren EUDELeko Herrialde Batzordeko kide, Eusko Legebiltzarreko legebiltzarkide, Bizkaiko Batzar Nagusietan EAJren bozeramaile eta Presidentetzako diputatu eta Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaile izan da Rementeria.
Eskarmentua. Hautagaiak adierazi duenez, esperientzia horietan guztietan ikasitakoak lagundu dio ahaldun nagusi izaten. “Eskarmentuak lagundu egiten du erabakiak hartu behar dituzunean. Denetatik ikasten da”, esan du Rementeriak.
“Jendeari entzutea, zintzotasun osoz hitz egin eta gauza onak konta diezazkizutela, baina batez ere txarrak edo ez hain onak. Hori da politikagintzan gehien behar dena. Batzuek gutxi hitz egin baina asko esaten dute. Beren oinetan jartzea da bakoitzaren errealitatea ulertzeko modurik onena, Bizkaiko errealitatea ulertzeko eta ahalegin guztia hobetzen jarraitzera bideratzeko. Hori da niretzat hiru urte luze hauetako gauzarik ederrena, harrotasunik handiena ematen didana”, aitortu du hautagaiak.