Urtero legez, herritarrentzako marrazki lehiaketa antolatu dute Muxikan. Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 23a izango dute lanak aurkezteko azkenengo eguna.
2 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute Muxikako marrazki lehiaketan, eta edozein teknika erabiltzeko aukera edukiko dute (akuarela, tinta, argizaria, olioa…); betiere, A4 formatuan aurkezten badute.
2 urtetik 8 urterakoek gaia librea izango dute, eta gainontzekoek
Uda Muxikan gaia landu beharko dute.
Zubieta Errotan aurkeztu beharko dituzte lanak; horien atzealdean marrazkiaren izenburua eta egilearen ezizena eta adina zehaztuta. Marrazkiak aurkezterakoan, aldiz, egilearen izen-abizenak, adina eta harremanetarako telefono zenbakia eman beharko direla azaldu dute udal ordezkariek.
Marrazki guztiak, ikusgai
Beste alde batetik, ohi bezala, Zubieta Errota eraikinean bertan jarriko dituzte lehiaketan parte hartu duten marrazki guztiak ikusgai, erakusketa baten bitartez. Sari banaketa ere leku berean egingo da. Ekainaren 2rako jarri dute hitzordua.
Lehiaketako epaimahaia Muxikako Udaleko Kultura Batzordeko zinegotziek, arte ederretan aditua den lagun batek eta herritar boluntario batek osatuko dute. Hala, lanen arte kalitatea (20 puntu), gaiarekiko daukaten lotura (10 puntu) eta Muxikarekiko ezagutza maila (5 puntu) hartuko dituzte kontuan puntuak emateko orduan.
SARIAK:
- A maila (2-5 urte). Opariak
- B maila (6-8 urte). Opariak
- C maila (9-12 urte). Lehenengoarentzat 60 euro; bigarrenarentzat 45 euro eta hirugarrenarentzat 30 euro.
- D maila (13-16 urte). Lehenengoarentzat 75 euro; bigarrenarentzat 60 euro eta hirugarrenarentzat 45 euro.
- E maila (17tik gorakoak). Lehenengoarentzat 100 euro; bigarrenarentzat 75 euro eta hirugarrenarentzat 60 euro.