Mikel Monasteriok eta Virginia Perezek irabazi dute Urdaibai Koparen lehen proba
Atzo egin zuten Ibarruriko Mendi Martxa
Monasteriok ordu bete, 49 minutu eta 45 segundotan amaitu zuen 20 kilometroko mendi lasterketa. Perezek, berriz, ordu bete, 55 minutu eta segundo bakarreko denboran burutu zuen proba.
87 korrikalarik lehiatu zuten Ibarrurin Urdaibai Koparen lehenengo proba.
Mutilen podiuma Ekaitz Lejarzegik eta Ibon Bilbaok osatu zuten; alde estua egon zen lehenengo sailkatuen artean. Lejarzegi Monasteriorengandik minutu bat eta hogei segundora helmugaratu zen. Bilbaok irabazlearengandik hiru minutu eta bost segundora amaitu zuen.
Nesketan, Amagoia Legarra eta Celia Lorenzo sailkatu ziren bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren. Legarrak bi ordu, hamar minutu eta 34 segundo behar izan zituen mendi lasterketa egiteko, eta Lorenzok bi ordu, hamabost minutu eta 41 segundo.
Hain zuzen, mutiletan lehenengo hiruren artean egon zen parekotasuna, eta lehenengo emakumea sailkapen orokorrean bosgarren helmugaratzea azpimarratu dute antolatzaileek. Modu berean, eguraldi aproposa izan zutela, eta egindako hobekuntzak jendeak eskertu zituela adierazi dute: “Gustura geratu zen jendea, eta balorazio posiboa da. Berritasunek izandako harreragaz pozik gaude. Esaterako, mendi martxa laburreko ibilbidea aldatu, eta pare bat leku ikusgarritik pasatu ziren. Hurrengorako agian zer edo zer aldatuko dugu, baina gehiena errespetatuko dugu”.
Seigarren urtez egin dute Ibarruriko Mendi Martxa. Antolatzaileak zein parte hartzaileak pozik zeuden atzo, eta Saltsamendi Kultur Elkartetik partaideei zein boluntario lanetan ibili zirenei eskerrak eman dizkiete: “Eskerrik asko beste behin gerturatu zareten guztioi, Ibarruri kolorez janzteagatik”.
Mendi martxak eta lasterketak ibilbide bera izan zuten, eta horrez gain, 9 kilometroko mendi martxa laburra ere egin zuten. Guztira, 400 bat parte hartzaile batu ziren Ibarruriko Mendi Martxan.
Argazkiak: Saltsamendi Kultur Elkartea