Julen Erezuma izan da onena bertsotan, Erandioko sailkapen saioan
Atzo jokatu zuten 2018ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udaberri faseko azkenaurreko saioa, Erandion. Bertan, sei bertsolarik parte hartu zuten; horien artean, Gernika-Lumoko Julen Erezuma Arzanegik eta Beñat Bilbao Landak. Bigarrenari 13,5 puntuko aldea aterata, Erezuma nagusitu zen.
Astrabuduako Josu Murueta kultur etxean bilduta, giro ederrean aritu ziren bertsolariak domekako hitzorduan. Gernikarrez gain, Durangoko Eneko Barruetabeña Bilbao, Leioako Galder Bilbao Martinez Txapi, Artzentalesko Imanol Arrutia Azkueta eta Sopelako Paule Ixiar Loizaga Legarra aritu ziren bertsotan.
Julen Erezuma saioaren irabazleak 173,5 puntu lortu zituen, eta bigarren egin zuen Loizagak, berriz, 160 puntu eskuratuta. Hirugarren Arrutiak egin zuen (159 puntu) eta laugarren Beñat Bilbaok (154,5 puntu). Galder Bilbao eta Barruetabeña geratu ziren sailkapeneko bosgarren (138 puntu) eta seigarren postuan (136,5 puntu), hurrez hurren.
Atzoko saioan, Itxaro Juaristi Olaetxeak jarri zituen gaiak, eta epaimahaian Iñaki Aurrekoetxea Arkotxa, Joseb Santxo Uriarte eta Miriam Juaristi aritu ziren. Idazkari, aldiz, Itziar Basterretxea Olarreaga.
Hurrengo saioa. Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren Udaberri faseko azken saioa zapatuan, maiatzaren 26an, jokatuko dute, Abadiñon. Aurrekoetan bezala, bertan ere, Lea-Artibai eta Busturialdeko bertsolariak ariko dira kantuan: Muxikako Gurutz Uruburu Ibarguengoitia eta Markina-Xemeingo Eneko Arrate Sololuze. Horiekin batera, Arrigorriagako Arkaitz Zipitria Mendizabalek, Bilboko Asier Urkiza Sanchezek, Gamiz-Fikako Ibon Larrazabal Landak eta Deustuko Mikel Aiartzaguena Agirrebeitiak parte hartuko dute. 17:30ean hasiko dute saioa sei bertsolariek Matienako Errota Kultur Etxean.